Erri kirolaz iritziak

Erabiltzailearen aurpegia Txomin Garmendia 2014ko urr. 12a, 14:30

Erri-kirol zaleak baldin bagera ere, badegula aukera esan behar, txapelketa edo norgeiakoan paltik ez dago, aldizka apustu batzuk ere bai; erriko jairik ez da egingo, berriz, erri-kirolik gabe eta aurrera. Baiña, lengo markatara iristen al dira?

Adibidez, arrijasotzen da beste lan batzutan garaituak egongo dira kirol asko, baiña, erri-kirolik maitatuena degun aizkoran? Badakit kanporaketak arriskutsuak dirala, baiña esan dezadan zerbait.

Juan Manuel Erasun, Zizurkillen bizi dan aiarra, segari ezagutu gendun guk eta ez nolanaikoa; gero aizkoran asi zan. Segan izan zun gaillurrik arrapatu ez bazun ere, txapelketa eta plaza prankotan jardun bearra izan zun. Jende askorengandik aizkolaria etzala ere entzun gendun.

1996'ko apirillaren 14'an, Senosiainen aurka jokatu zun apustua Tolosako zezen-plazan; ogei kanaerdikotara. Antonio Senosiainek irabazi zun apustua, ogei kanaerdikoren kontu, 39,53'an eman zularik. Juan Manuel Erasunek, 40,12'an amaitu zitun. Gaiñera, aiarrari adarbegi bat edokitu zitzaion, eta oiek ez dira izaten laguntzarako.

Agoztuaren 15'an, Amabirjin egunez, Donostin urtero bezela Urrezko Aizkolari txapelketa ospatu zan bost aizkolari onenarekin amalau kanaerdikotara eta iñork etzitun bota 30 minutuz azpitik. Egurrak samurrak omen ziran, Tolosakoak ere bai noski, baiña kontuak ateratzen baditugu alde ederra dago Tolosakotik Donostikotara. Eta ori, Erasun aizkolaria etzalarik.

Gaur ainbat aizkolari etzan sekula plazaratuko, baiña lengo markatatik oso bera dabiltzala esango nuke. Ez da arritzeko, aitonak dabiltza lenengo puntan da. Donostin txapeldun erten zan Nazabalek, 45 dauzka; Azurmendik ere, 45; Olasagastik 55 eta orrela. Bigarren egin zun Atutxak dauzka 27 urte, urrengo txapelduna bera izango dala diote askok; ez da izango arritzekoa.

1950'an, Donostiko zezen-plazan, Gartziarena erten zan txapeldun eta 23 urte zeuzkan. Alde ederra dago gaurko txapeldun adiñetara.

Aizkolariak baju dabiltza,
auxen da nere galdera:
aitonak dabiltz ederbegira,
konturatutzen al gera?
Garai batean basoan zana
jetxita dago kalera,
ortatik dator ondu eziña,
ortatik dator galera.

Sega utzita aizkoran gogor
asi zitzaigun Erasun,
segatik baiño etekin obea
ote zegoan esan zun;
Senosiainekin galdu arren
onetikan asko bazun,
gaurko gazte askorentzako
ikasbidea eman zun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!