Halakoak entzundakoan soziologo papera hartzen dut, eta lehenengotik behintzat, erasoa egin duenaren errua erlatibizatzeko ahaleginetan hasten naiz, gizartean sakon txertatuta dagoen minbizi baten eraginez egin duela sinistuta.
Uste dut matxismoaren icebergaren punta direla gertaera hauek, eta kasurik okerrenetan eraso sexistak. Sakonean, ordea, txiki-txikitatik hezur-muinera sarturik dugun generoen arteko ezberdintasuna dago. Zenbaiten kasuan beste batzuenean baino gehiago gaiztotu eta ondorio lazgarri hauetara garamatzana.
Ez da zori hutsa oraindik ere mutil- edo neska-kuadrillak izatea ohikoenak gurean. Genero batekin soilik identifikatzen ditugun lanbide gehiegi dago oraindik. Ikaragarri ezberdin erreakzionatzen dugu norbaitek esandakoaren edo egindakoaren aurrean mutila edo neska denaren arabera. Rolek bere horretan diraute.
Animalia adimendunak omen gara, baina afera honetan ameben moduan egiten diogu men biologiari, eta geure arteko harremanak hanka artean dugunaren araberakoak dira oraindik. Iraul ditzagun moldeak, horretarako diskriminazio positiboa erabiliz. Orduan soilik kenduko dio lekua hezur-muinean berdintasunak matxismoari. Orduan soilik galduko dute ausardia Anoetakoaren moduko gizasemeek.