Etxean uso

Erabiltzailearen aurpegia Txoan Ormazabal Zabala 2015eko maiatzaren 17a

Gaizka Garitanok Almeriako sasi-kazetari hari emandako erantzuna izan da azken hilabeteetako gertakaririk txiokatuenetakoa. Guztiok ados hizkuntza bati horrelako desairea egitea onartezina dela esaterakoan. 

Erraza kritika ordea: Almerian, ziur aski hizkuntz eskubideei buruz inoiz gogoetarik egin ez duen kazetari bati, bere bizitzako beste esparruetan ere erabiliko duen lotsagabekeria orduan ere agertu zuelako.

Horrelakoak gertatzean beti begiratzen diot mesfidati neure kontzientziari. Nik ere ez nuen inolako erreparorik izan facebooken gertakariaren bosten bat bideori neure «atsegina» adierazteko, ez eta biharamunean Garitano kemenez defendatzeko ere. Baina ez dut kemen berdina izaten, ordea, antzekoak inguruagoan gertatzen zaizkidanean.

Euskaraz nik adina egiten duenen bat gaztelaniaz hasi zaidanetan, ez dut euskaraz erantzutea baino jarrera oldarkorragorik izan inoiz, zuzenean nire kexa adierazi beharrean. Dilema etiko zurrunbilotsuetan erortzen naiz Gara egunkarian euskarak duen presentzia kritikatzen hastean, zinez uste badut ere ez daukala inongo justifikaziorik egunkari abertzale batean euskarari barre egiteak. Alde batera uzten dut militantzia linguistikoa bederatzietan Teleberri ikustea hobeto badatorkit zortzietan Gaur Egun baino, interneten geroxeago ikusterik izango nukeenean. Jatetxeetako kartak gaztelaniaz irakurri izan ditut arrautzopil edo zainzuri irakurtzeak sortzen didan nagi hutsagatik.

Beste nonbait geundeke gaur apirilaren 27an sare sozialetan erakutsi genuen gar hura etxean egunero erakutsiko bagenu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!