Teloiduna soilik

Erabiltzailearen aurpegia Txoan Ormazabal Zabala 2015eko martxoaren 27a

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna gaurkoa. «Zinemarekin konparatuta zein ikusle gutxi dituen», «kultura aurrekontuetatik zein gutxi jasotzen duen» edo «hainbeste antzerki-talde euskaldun eta on izanda zein kasu gutxi egiten diegun» bezalako esaldiei lotuta joaten den eguna berau. Kexa guzti hauekin ados.

Baina, hara non, aldi berean antzerkizale eta aktore ere bagarela uste dut. Sarritan praktikatzen dugula arte diziplina zinez polit hau. Ez agertokian ordea, kalean baizik.

Ez dugu Joxe Ramon Soroizen inbidiarik zerbaitekin ados ez bagaude ere baiezko biribila ematen diogunean, ingurukoek zer pentsatuko ote dutenaren beldurrez. Ez eta izateko era aurre-fabrikatuak darabiltzagunean, bestela taula-gainean lekurik izango ez dugulakoan.

Esan beharrik ez dago, ordea, badirela geure agertoki gizatiar honetan geu baino lehen Donostia antzerki saria irabaziko dutenak. Txapela kentzeko moduko aktoreak. Izar hutsak. Ikaragarria milioika euro lapurtu ondoren biktimaren paperaren interpretazioa. Ikusgarria mezu populistei forma serioa eman eta jende andana bereganatzeko ahalmena.

Bakoitza bere neurrian, baina gehienok aktore. Txikitatik gidoia ongi ikasiak, gidoiz kanpoko inprobisatzeren bat eginez gero atentzio deiak jasotakoak asko.

Utz ditzagun eszenak eta sekuentziak teloidun antzerkirako. Ahantz ditzagun gidoi zaharkituak inprobisatzeari bide emateko. Izan dadila goiz bakoitza obra original baten estreinaldia. Ez dugu seguruenik ere saririk irabaziko, baina benetakoak izango gara ordainetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!