Zenbat bizi gehiago?

Erabiltzailearen aurpegia Txoan Ormazabal Zabala 2015eko otsailaren 22a

Justizia Sozialaren Nazioarteko Eguna omen gaurkoa. Guk injustiziaren ikurtzat daukagun hauxe bera. Gaur hamabi urte euskara hutsezko egunkari bakarraren itxiera ankerrarekin esnatu gintuen berbera. Otsailaren hogeigarrena.

Gustura jakingo nuke zer den justizia soziala gutariko bakoitzarentzat. Non daukagun justiziaren eta injustiziaren arteko marra. Egongo da gaur egungo arazo ezagunenei irtenbidea bilatuz gero mundu libre eta justu batean sentituko litzatekeenik, eta baita behartsu bakar bat duen mundua mundu justu iruditzen ez zaionik ere.

Ziur nago, ordea, gaur egungoa ez zaiola inori justua iruditzen. Gutariko gehienontzat mespretxagarria dela enpresa batean gehien kobratzen duenaren eta gutxien kobratzen duenaren arteko aldea. Tamalgarria askatasun sexuala eta ideologikoa zeinen zapalduak dauden oraindik, tolerantziaren ikur den Europa honetan. Baztergarria munduak daraman bidea, tiro eta tanke hotsek gosea eta miseria estaltzearena alegia. Eta hala ere berdin diraugu. Gehienoi tripako mina ematen digun munduak aurrera dirau lasai ederrean, gutxi batzuen mesedetan.

Kasualitatea ote gaurkoa katuaren nazioarteko eguna ere izatea? Injustiziaren moduan, zazpi bizi honek ere. Bosgarren pisu batetik erori ala krisi sozio-ekonomiko sakonenean sartu; aurrera biak, lehen baino biziago.

Bitartean amets eta lan, biak batean egin beharko ditugu otsailaren hogeia Injustizia Sozialaren Nazioarteko Egun bilakatzeko. Badatorren mundu libre eta justu horretako biztanleek iraganeko garaiak ahantz ez ditzaten, berriz ere ez errepikatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!