Ateak

Erabiltzailearen aurpegia Txoan Ormazabal Zabala 2014ko abenduaren 21a

Ez zaizkit gutxitan etortzen burura geure aitona-amonen garaiak. Garai zail moduan definitzen zituzten haiek. Ez zen gutxiagorako izango. Guztiz ezarritako moldeak, errailak. Norberaren esku zegoen haiek jarraitu ala ez. Jarraitzen ez zituenarentzat, bazterketa, ezinikusia, infernua. Bizitzako lau edo bost helburu handien izenean ehunka desira alde batera utzitakoak zirenaren trazua hartzen nien haien kontakizunei.

Pasa ziren garai haiek, iritsi omen zen askatasuna gurera. Joan omen ziren ezinegonak eta negarrak. Nahi duena egiten omen du jendeak duela urte askotatik ona.

Ez zidan inork esan, ordea, nahi duzuna egitea erabakiak hartzea zenik. Eta erabakiek lau ertz eta beste hainbeste aurpegi izaten zituztenik. Askotan aurpegi horiek elkarren oso antzekoak zirenik. Eta zenbaitetan, atez beteriko gela batean aurkituko nintzenik, haietako bakarra aukeratu beharrean.

Ez zidan inork esan, ezta ere, zenbaitetan ez nuenik jakingo ate bakoitzaren atzean zer zegoen. Neuk suposatu beharko nuenik, eta horren arabera, irekitzea edo ixtea erabaki. Pixkanaka ohartu nintzen, zenbaitetan, behin atea ireki eta zeharkatu ondoren ezingo nuela atzera bueltarik egin.

Atearen heldulekuari eustean gogoratzen naiz aitona-amonez, eta segundo horietan inbidia diot bizitza monokromatiko hari. Burua ez nekatzeari. Erabaki baten alde onak eta txarrak parez-pare ez jartzeari.

Ateak zeharkatu ahala, ordea, geroz eta argiago daukat nahiago dudala neure atzean agian betiko itxi den ateari ezbaian begiratu, inoiz irekiko ez dudanari desiraz baino.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!