Lapiko kontuak

Erabiltzailearen aurpegia Txoan Ormazabal Zabala 2014ko urriaren 26a

Azken asteotan hainbatetan deitu diote arrazista Gasteizko alkateari dirulaguntzen inguruko iruzurra eta immigrazioa lotuz eginiko adierazpenengatik. Akaso izango da (ez dut uste), eta nolanahi ere kirats elektorala urrunetik antzematen da adierazpenotan. Baina «arrazista ez garenok» garbi al dauzkagu geure ideiak?

Kanpotarren etorrera eta integrazioaren hausnarketa, batez ere kultura okzidentaletik urrun dauden kulturetakoena, nahiko bazterrean utzita daukagula uste dut. Inguruan etorkin askorik ez izateak eta sendo errotuak ditugun konbikzio batzuei muzin egin nahi ezak immigrazioaren inguruko gogoeta blokeatzen digutelakoan nago.

Zenbaterainoko kultur aldaketarako prest gaude kanpotarrek ere beraien ohiturak geurean txertatu ditzaten? Lur hauetan beraiek baino lehenagokoak izaki, eduki behar al genuke beren zenbait ohitura eta errituren gainean beto eskubiderik? Emakumearekiko zenbait jokaerekin zer? Eta euskara?

Askok beraiei eskatzen diegu integraziorako lehen pausoa. Beraiek sartu behar dute geure sukaldera, eta sutan dauden lapikoetako jana gustatzea eskatzen diegu gainera. Gu, bertan ondo sustraituak eta bizi erosodunak, gehienetan miseriatik ihesi datozenei iniziatiba eskatzen. Gu, etxeko borroka feministari mesfidati begiratzen diogunak, Tangerretik beherakoei matxista aho handiz deituz.

Ijitu euskaldun, musulman feminista eta abarren Euskal Herria nahi badugu, gehiagotan jo behar genieke atea, beren lapikoetakoa probatu. Horrela soilik lortuko dugu geurea ere beraiei gusta dakien.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!