Erreflexu baldintzatuaren inguruan txakurrekin egin zituen esperimentuengatik egin zen ospetsu bere garaian, eta gaur egun ere bereizezinak dira bere irudia eta txakur beltz haiena. Esan zituenek ere egin dute gureganainoko bidaia denbora zehar. Zientziaren inguruko bere hainbat aipuren artean beste hau aurkitu nuen orain gutxi: «Baldintza ezazu jendea ezer espero ez izatera, eta ematen diezun gutxia ere ikaragarri eskertuko dizute orduan». Ederki zekien hark zer esaten zuen.
Eraiki burokrazian eta paperezko mendietan oinarritzen den estatu bat, sinestarazi jendeari ezinezkoa dela ezarritako ekonomia ereduak aldatzea, eta ikusiko duzu nola poztuko diren pentsioen igoera ziztrin batekin ere.
Sinestarazi iezaiezu gizonak eta emakumeak biologikoki ezberdinak garelako jokabideetan ere horrela izan behar dugula, justifikatu batzuen agresibitatea eta besteen sumisioa, eta ikusiko duzu nola deituko dioten berdintasuna amatasun baja astebete luzatzeari.
Santutu legeak (batzuk soilik, noski) herritarren borondatearen eta inteligentziaren gainetik baleude bezala, eta erreferenduma loteslea ez bada ere kontentu geratuko dira.
Usteak erdia ustela omen du, baina hala ere usteekin funtzionatzen dugu bizitzan. Eta ondotxo baliatzen dute hori beste batzuek. Esprinterako prestatu bai, baina tiro hotsa entzun baino lehen erretiratzen den atleta kuadrilla gurea.