Lehen sorospenen kontua oso utzita daukagun zerbait da. Tentsio-uneak direlako eta gauzak gaizki egiteko beldurra handia delako, gehiengoak ez du kontu hauetan trebakuntzarik jaso nahi izaten, nahiz eta jakin, zenbaitetan, lehen segundoetan laguntza egokirik ematen ez bada alferrik izaten dela beste guztia.
Hemen ere giltza erakundeek dutela uste dut. Ikastetxe guztietan behar luke derrigorrezkoa bizia salba dezaketen teknika hauek erakustea, eta ez behin bakarrik, urtero gutxienez, praktikarik ez galtzeko.
Bihotz-biriketako geldialdi bat ongi identifikatzeak, suspertze egokia garaiz hasteak edo 112ra deitzean datuak egoki ematen jakiteak beste urte batzuetako luzapena oparitu dakioke ia hilean dagoenari. Ez da txantxetako kontua.
Ez izan beldurrik hanka sartzeko. Prestakuntza egokiarekin zaila da gauzak gaizki egitea, sorospen kurtsoetan, egin behar denarekin batera, egin behar ez dena ere erakusten baitute, sinple baina argi.
Jakin badakigunean kasu batzuetan geureak direla bizi euskarri aurreratua iritsi bitartean pertsona hori bizitzara lotuko duten esku bakarrak, ez dezagun aukera alferrik galdu.