ZGZE eta PGBD garaile

Erabiltzailearen aurpegia Txoan Ormazabal Zabala 2014ko ekainaren 1a

Igaro berriak izango dira europar parlamenturako hauteskundeak artikulu hau argitaratzerako. Abstentzio izugarria jaun eta jabe izango da titularretan eta tertulietan. Eta aste bete bat faltako da beste bost urterako Europa ahaztu dezagun.

Ematen ez diren boto guztiek berdin balio dute egunkarietako gazta koloretsuetan. Bozkatu nahi zuen baina alderdi egokirik aurkitu ez duenarenak, hauteskundeak zirenik ere ez zekienarenak, egunean bertan ezin eta postaz bozkatzeak pereza ematen zionarenak, «ZGZE (Zer Galdu Zait Europan?)» eta «PGBD (Politiko Guztiak Berdinak Dira)» klubetakoenak...
Ematen ez den boto bakoitzak ematen direnei boterea gehitzen diela ikusirik eta hautagaien artean gaur egungo botere sistemaren aurkako hainbat alderdi daudenean, matematika sozialek ez dute hainbesteko abstentziorik justifikatzen. Sikiera, hauteskunde igandeetan arnasten den sistemaren aurkako indar hori urteko gainontzeko egunetan kalean ikusiko banu. Baina ez.
Sistemaren aurka daudela dioten askoren atzean utzikeria dezentea dakusat. Ez dut uste horietako gehienak BNGko, ERCko, Bilduko edo EBko hautagaiak baino are sistemaren aurkakoagoak direnik (gaur egungo funtzionamendu politiko-ekonomikoarekin kritikoenak direlako aipatu ditut alderdiok).
Gu buruhauste hauetan gabiltzan bitartean berriz, lasai ederrean imajinatzen ditut beste batzuk. Pozik, beren inperio ekonomiko eta sozialak arriskuan ez daudela ikusirik. Xanpain kopekin ZGZE eta PGBD alderdien garaipena ospatuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!