Alda dezagun txipa

Erabiltzailearen aurpegia Txoan Ormazabal Zabala 2014ko maiatzaren 4a

Guztiz publikoa behar lukeen ospitale bat enpresa pribatu batek kudeatzea, herritarren osasunaren kontura eta gutxi batzuen poltsikoaren mesedetan.

Udal kontratazioetan gaztelaniak urte askoan izan duen maila euskarari ere aitortzeko ahalegina zapuztea. Bidegabeko zerga sistemak babestuz gutxien dutenei gehien dutenei baino esfortzu fiskal handiagoa eskatzea. Finean, boterea borondate onaren zelaitik at dauden helburuak lortzeko erabiltzea. Hori da niretzat inposizioa.

Azken denboraldi honetan ordea beste afera bat bihurtu da inposizioaren ikur. Hori dio balkoietako urdinak. Kontziente naiz batak ez duela bestea kentzen, eta goian aipatutako horiek inposizio iruditzen zaizkion poltsadunak badirela. Baina ulertezina zait, betaurreko politiko/elektoralak jarri ezean behintzat, atez atekoa inposiziotzat nola har litekeen.

Noiztik da jokaera zekena urte luzeetako erosotasun eta kontsumo jasangaitzari muga batzuk jartzea? Noiztik gaiztoa lortu ahal izan ditugun eta axolagabekeriagatik lortu ez ditugun birziklapen tasak derrigorrezko bihurtzea? Ba al da benetan atez atekoa aplikatzetik Bilduk modu bateko edo besteko etekinik aterako duela uste duenik, historikoki gauzak bere horretan uztea izan denean teknika elektoralik seguruena?

Mundu justuago baterako bidean zaborren kontua ez da lehen pausoa besterik. Susmoa dut batzuek uste dutena baino gehiago aldatu beharko ditugula geure egunerokoak, gehiegiren ahotan dabilen ongizate gizartea lortuko badugu. Ikusitakoa ikusirik ordea, batzuen buruan «klik» egin duen txipa beste batzuentzat edukiontziak ireki ahal izateko mekanismoa besterik ez da oraindik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!