Ezkutuko frekuentziak

Erabiltzailearen aurpegia Txoan Ormazabal Zabala 2014ko martxoaren 30a

Ez omen da giro Londresko diskoteka famatu baten atarian. Barruko edarietarako adinako dirurik ez, eta hainbat gaztek ate aurrean boteiloia egiteko ohitura omen zuten hartua aspaldian. Kaleko iskanbila udalari ez gustatu ordea, eta bereak eta bi egin omen ditu gazte jende hura handik uxatzeko. Alferrik ordea. Alferrik, harik eta mikrouhin labe bat baino handiagoa ez den aparatuak kaleak hustu dituen arte. Edo hobeto esanda, kaleak gaztez hustu dituen arte.

Uhin frekuentzia jakin bateko txistu jarrai bat sortzen duen bozgorailua da miraria lortu duena. Gazteei jasangaitza egiten zaie soinua, botilak hartu eta ondoko kalera joan behar izateraino. Hogeita hamar bat urtetik aurrerakoek ordea ez omen dute entzuten, belarriko hezurtxo katea zahartuta, gogortuta dutelako. Soluzio perfektua.

Adin batetik aurrera, belarriko hezurtxoez gain burmuineko zenbait zirkuitu ere gogortzen direlakoan nago. Urteetan izandako esperientziek eta harremanek sakon markatzen dute norbera. Jada ez da hain erraza ideiaz aldatzea, aurrekoari arrazoia kontzientziaz ematea. Finean, hainbat egoeraren autopsia zehatza egin eta hauek sakon arrazoitzea. Eta hau guztia saihestezina delakoan nago, jaio izanaren ordaina dela uste dut.

Horregatik ematen dit askoz ere min handiagoa atez ateko sistemaren aurkako argudio hutsalak, hogei urtekoaren ahotik irten bada, hirurogeita bikoaren ahotik baino. Hogeita bostekoaren komentario matxistak, bere aitarenak baino.

Gazteok! Aprobetxa dezagun zenbait frekuentzia ezkutu entzuteko oraindik ere galdu ez dugun ahalmena. Izango dugu denbora gerora ere, baxoerdia eskuan, egoerarekin konformatu, baten bat larrutu eta komentario merkeen erresuman murgiltzeko!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!