Tamalez, nahikoa egin du

Erabiltzailearen aurpegia Txoan Ormazabal Zabala 2014ko otsailaren 21a

Badira urte batzuk Espainia aldetik Donostiara etorri zela mediku lanak egitera. Nik orain sei aste ezagutu nuen ordea, praktiketan hasi nintzenean. Irakasle izan ditudan beste hainbat sendagilerekin bezala, honekin ere gaztelaniaz komunikatzen nintzen. Eguneroko diosalak eta hitz solte gutxi batzuk salbu, euskarak ez zuen lekurik geure artekoan.

Ez zen makala izan, beraz, nire harridura, paziente goierritar harekin euskaraz hasi zenean. Gaixo zahar hark goierritar azentu itxi porrokatuan kontatzen zizkion sintomei euskara baldarrean erantzuten zien honek. Motelak izaten ziren bien arteko elkarrizketak, «errepika mesedes?» askokoak. Medikuaren aurpegiak zoramena islatzen zuen agureak estamaoko trixturea zeukala edo mukiek enbaazo eitten ziotela kontatzen zionean. Berdin zen ordea. Paziente hark ospitalean pasa zuen astebetean ez zuten egin hitz bat bera ere gaztelaniaz.

Ikusitakoa ikusita, nirekiko tratua gaztelaniaz izateak sortzen zidan niri trixturea, nahiz eta berak esan distantzia motzetan euskaraz ez zela eroso sentitzen eta barkatzeko, praktika gehiago behar zuela. Gaztelaniaz ongi moldatzen ez ziren gaixoekin euskaraz egitea betebehar moduan hartzen zuen nonbait, nahiz eta berari erraza ez egin.

Horregatik, garbi daukat ez dela mediku hau barrua sutu behar didana. Ez behintzat, beste batzuk, euskaldun zaharrak izan eta hala ere paziente eta lankideekin gaztelania batuan dabiltzan bitartean.

Tristea da hau esatea, baina nahikoa egin du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!