Ctrl+V

Erabiltzailearen aurpegia Txoan Ormazabal Zabala 2014ko urtarrilaren 24a

Hangoa ala hemengoa. Elkarri etiketak jarri zaleak gara. Askoren begietan oraindik hobeto ikusia dago kosta ala kosta norbere ideiak defendatzea, begien zurian ere beraien antzik ez duen batekin eseri eta argudiatzea baino. Eta ez naiz betikoaz ari, ez soilik politikaz behintzat.

Afera ideologikoak hain bero dauden garai hauetan, ideologia hau zenbaitentzat kartzela bilakatzen ez ote den errezeloa daukat, pentsamendu kritikoari behar baino leku gehiago kentzen dion heinean. Hasi erlazio pertsonaletatik eta gizarte gaietaraino, norbere errailetik ateratzeko izugarrizko mesfidantza dakusat arlo askotan. Guztiok dakigu egoera zehatzen aurrean nola jokatu. Gidaliburuak zer dioen. Ezkertiarrak badaki abortu librearen alde egon behar duela, eskuindarrak atez-atekoaren kontrakoa izan behar duen bezala. Batzuek badakite derrigorrezkoa dela lagun arteko komentarioa kalean bi mutil ala bi neska elkarri musu ematen ikustean, nahiz eta munduko gauza normalena iruditu, beste zenbaitzuk dakiten bezala ezingo dutela sekula santan abiadura handiko trena kritikatu, txikizio garesti huts iruditzen bazaie ere.

Finean, gizarte librea kate motzean. Kate gehienak, ordea, ez dizkigute besteek jartzen. Eta hala denetan ere, geu gara griletea giltzaz ixten dugunak.

Norberak bere eskuliburua sortzearen aldekoa naiz ni. Eskuz. Arkatzez. Ezabatu eta berridatzi daitezkeen esaldiekin. Tinpano eta erretinetara iritsitakoa azpimarratzen, ideia nagusiak ateratzen eta norbere hitzetan berridazten denbora pixka bat gastatzea nahiago beraz, «Ctrl+V» egin eta siestarako nahiko asti eduki baino.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!