TOTAL...

Erabiltzailearen aurpegia Txoan Ormazabal Zabala 2013ko abenduaren 27a

Lau urteren ondoren, iritsi zen zortzi orduko magia saioaz gozatzeko unea. Parera begiratu eta ezin nuen harmailetako eserlekuen gorririk bistaratu ere egin. Mugikorra mututu eta eroso jartzearekin bat ziren magoak oholtzan.

Inurriak lehen bertsoekin hasi ziren pasilloetan gora eta behera. Bertsolarien jardunaren erdi-erdian eskailerak jaitsi zituenik ere izan zen. Une gorena bertsoa amaitzear zenean etortzen zen. Jende andana korrika harmailetatik at, eta aurreko bertsoan beste hainbeste egin zuten guztiak eserlekuetara, aretoari Abandoko geltokiak puntako orduan duen giroa emanez. Harrigarria zenbaiten bi bertsoz behin pixa egiteko beharra.

 

Ez ziren nolanahikoak izan ingurukoon aurpegiak gai-jartzailea ikusle haien mugitzeko beharraz eta barruan erretzen ari zirenez kexatu zenean. Burua gora eta behera gogotsu astinduz adierazi genion, txaloka, gu ere ados geundela kexuarekin. Inurriek berdintsu jarraitu zuten ordea, pasilloetako hautsa harrotuz.

 

Goizekoak oraindik buruan bueltaka, autoan ogitartekoa jan ondoren aretoan bueltan ginela etorri zitzaidan irrika ate-joka, bota nuen eskua berokiko poltsikora eta atera zigarroa. Debekuei eta besteekiko errespetuari bost minutu sabatiko eman eta harmailen atzean erre nuen, erdi ezkutuan. Total...

 

Arratsaldeko saioan ere ez zen gai-jartzailearen bekozko beltzik falta izan jendeari geldi egoteko eskatuz eta hura kerik gabeko gunea zela argi utziz. Nire ingurukoek goizeko buru-astintze eta txalo berberekin erantzun zioten, nik, behera begira, berokia ongi tolesten nuen bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!