Merezitako tortilla pintxoa

Erabiltzailearen aurpegia Txoan Ormazabal Zabala 2013ko azaroaren 29a

Zer da ba ordu erdi bat? Tolosatik Donostiarako bidaia zuzeneko autobusean. Parrandan telefonorik gabe galduz gero lagunak aurkitzeak jotzen duena. Iratzargailua bost minutuka atzeratuz gauari eransten diogun plazer txikia. Edo ikasten ari garela telebista aurreko bost minutuko deskantsuak irauten duena, besteak beste.

Gutxi dirudi, baina hileko hirugarren astelehenetako ordu erdiek luze jotzen dute nonbait tolosar askorentzat. Gehienentzat. Ehundik hiruk soilik erabiltzen baititu Kultur Etxera igo eta odol apur bat emateko.

Gai hau mahai gainera ateratzen denean, ez da makala izaten jendearen sormena odolik zergatik ematen ez duen justifikatzeko. Orduetako txandak itxaron beharra, boligrafoak baina lodiagoak omen diren orratzei beldurra, bizilagunaren koinataren amaginarreba behin zorabiatu egin zela... Edozer, esku-ohean sabaira begira egon beharrean Euskal Herri plazan terraza saio bat egiteko. Errezeloa dut, ordea, noizbait istripu bat izan eta larrialdietara aranpasa bat baino lehorrago eramaten badituzte, ez diela hainbesteko hotzikararik emango ditxosozko orratzak.

Ikuspegi berekoienetik ere abantailak besterik ez ditu odola emateak. Tentsioaren berri jakin, analisi bat egin eta tortilla pintxo bat jan ondoren bueltatzen baita bat etxera. Zainetatik galdutakoa kontzientzian irabazita.

Utzi aitzakiak alde batera, eta jarri praktikan aldaretik kanpora ere beste hark zioena: abenduaren 16an eman dezagun guztiok geuretik, hau gure odola da eta, bihar jaso nahi dugunez, gaur emango duguna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!