Lehenengo ezkerreko izter-gaina pasa dut, ondoren eskuinekoa. Ipurmasail biak gero. Baina arrastorik ere ez... Mugikorra! Etxean ahaztu dut.
Badakit lagunak zein tabernatan diren, baita handik beste zeintzuetara joango diren ere. Ez dut inoren dei garrantzitsurik espero. Gauza naiz Triviados gabe ordu batzuk irauteko. Baina hala ere telefonoa patrikan behar dut.
Pantailari hogei segundoro begiradatxoa botatzea edo mezuak segituan erantzutea eguneroko ogi bihurtu dugun honetan, gure etxera sartu zen lehen mugikorraz gogoratzen naiz. Gurasoek erabiltzen zuten, bientzat bat, eta gehienean itzalita. Amonak «bideetako telefonoa» deitzen zion, eta mesfidati begiratu.
Gaur, ordea, hirugarren beso bihurtu ditugu. Jada giltzen eta diru-zorroaren kategoria hartu dute poltsikoan, eta tabako paketearena mahai gainean.
Ia Triangulon nintzen, eta telefono bila etxeraino ez joatea erabaki dut. Lagunak ez zeuden esandako tabernan, eta dezenteko buelta eman behar izan dut haiek aurkitzeko. Beraien bila nenbilela, gaur izebaren urteak direla ohartu naiz, baina ezin izan diot deitu. Eta hori gutxi balitz, ezagun batekin topo egin eta ezin esan izan diot astelehen arratsaldea libre dudan ala ez, Google Calendar eskura ez izateagatik. Baina garbi daukat. Hemendik aurrera larunbat gauak kartera eta giltzadunak soilik izango dira.