Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean arituko dira bi koruak eta Mariaje Rekondok lagunduko die pianoarekin hainbat kantutan.
Txintxarri Txiki abesbatzakoak izango dira aldarera igotzen lehenak. Hiru doinu eskainiko dituzte: Javi Bustoren Txamarra txartxo bat, Xabier Sarasolak moldatutako Bi gabon kanta eta Joxean Goikoetxeak moldatutako beste doinu bat, Trakatan, trakatan izenekoa.
Ondoren, taldeko abeslari gazteen txanda izango da eta bi abesti eskainiko dituzte: Javi Bustoren Zergatik geldi zera eta David Azurza tolosarrak moldatutako Goazen guztiok!.
Txintxarriko helduek abestuko dute azkena. Sei obra abestuko dituzte. Tomas Garbizuren Asiko naz abestiarekin hasiko dute euren jarduna. Ondoren, Felix Zabalak moldatutako Lo lo txikitxoa kantatuko dute. Gure ohiko eguberri abestiak alde batera utzi eta Peruko doinu bat eskainiko dute, Festejo de Navidad. Gospel doinuentzako ere izango da tartea, eta hala, Jesus jaio zaigu gaur Belenen eskainiko dute. Ondoren, Hal Hopson musikagile estatubatuarraren Halle, Halle, Halle abestuko dute. Eta euren zatiarekin amaitzeko, Eva Ugalde donostiarraren Dizdizka zeruan eskainiko dute.
Kontzertuari amaiera emateko, helduen abesbatzakoak korura igoko dira, urteroko ohiturari jarraituz, Haendelen Alleluia abesteko, Orbegozok zuzenduta. Mariaje Rekondok lagunduko die pianoan eta organoan abeslariei.
Eguberri egun guztiak kantari
Txintxarri abesbatzako abeslarien lanak ez dira hor amaitzen. Abenduaren 24an kantu eskean ibiliko dira eta Olentzerori egingo zaion harreran parte hartuko dute herriko beste hainbat talderekin batera. Arratsaldeko lau eta erdietan abiatuko dira Larraitz auzotik.
Eguberri egunean, berriz, meza nagusian abestuko dute, besteak beste, Adeste fideles, Aurtxo maite edota Abestu dezaiogun zortzikoa abestuko dituzte. Abesbatzan kantari ibili eta hil direnen aldeko meza izango da.
Urteberri egunean elkartuko dira berriro Txintxarri abesbatzako abeslariak meza nagusian kantatzeko. Oi Bethlehem edota Mesias sarritan ezaguna abestuko dituzte; azken kantu horretan Xefe Balerdi arituko da bakarlari lanetan.
Pedro Joxe Peñagarikanoren Euskaldunen meza-ko Aintza abestuko dute bi egunetan.