Erriberakoen doinuak Alegian

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Pikabea 2018ko api. 17a, 19:03

Nafarroako Ablitas eta Tiebas herrietako bi abesbatzek emanaldia eskainiko dute larunbat honetan, apirilak 21, Alegiako elizan. Herriko Txintxarri abesbatzak gonbidatuta arituko dira Ablitasko Schola Gregoriana Gaudium Nostrum eta Tiebasko abesbatza arratsaldeko zazpietatik aurrera. Aurrena, Ablitaskoek mezan abestuko dute, meza gregorianoa, eta ondoren, kontzertua eskainiko dute bi koruek.

Nafarroako Erriberako bi abesbatza horiekin harremanetan egon da Alegiako abesbatza azken urtean. Harreman horren ondorioz, alegiarrak Ablitasen izan ziren joan zen martxoan, eta orain nafarrei tokatu zaie Gipuzkoara bisita egitea.

Alegiako emanaldia, ordea, ez da nolanahikoa izango. Bi abesbatza elkartu ditu Txintxarri abesbatzak kontzertu berean.

Emanaldiak bi zati izango ditu: arratsaldeko zazpietako meza nagusian abestuko du Ablitasko Gaudium abesbatzak, meza gregorianoa izango da, eta ondoren, bi abesbatzek hainbat kantu eskainiko dituzte arratsaldeko zortziak laurden gutxiagotatik aurrera.

Gaudium Nostrum abesbatza 1997an sortu zen eta musika gregorianoa lantzen du, batez ere. Ablitasko koruak zazpi obra sakratu eskainiko ditu Javier Bartosen zuzendaritzapean, XV. eta XVI. mendekoak gehienak. Horien artean, Giuseppe Tartini italiarraren Stabat Mater, Tomas Luis de Victoriaren Popule meus edota Nemesio Otaño jesuita azkoitiarrak egindako Velum templi.

Ondoren, Tiebasko abesbatzaren txanda izango da. Hamalau emakumez osatutako korua da, orain dela sei urte sortua, eta larunbatean Myriam Elorzak gidatuta abestuko dute. Bederatzi doinu eskainiko dituzte, besteak beste, Javier Bustoren Kanta Cantemus edota Maritxu nora zoaz, Xalbadorren heriotzean edota Boga boga. Beste era bateko doinuak ere abestuko dituzte emakume nafarrek: Qué pensará el mar habanera, Volver Carlos Gardelen abesti ezaguna edota Siyahamba abesti afrikarra. Emanaldiari amaiera emateko, bi koruek elkarrekin Agur jaunak abestuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!