Bi taldeak Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean arituko dira eta Mariaje Rekondok lagunduko die pianoan zenbait kantutan. Ohi bezala, taldeko txikienek emango diote hasiera kontzertuari eta hiru abesti eskainiko dituzte: Xabier Sarasolaren Gau ilunak ez badu eta Bi gabon kanta eskainiko dituzte. Joxean Goikoetxeak moldatutako Alaken ere abestuko dute.
Txintxarri Abesbatza taldeko gaztetxoenek ere izango dute euren tartea, eta bi kantu eskainiko dituzte: Joxean Goikoetxeak moldatutako Kanpai soinu, zilar doinu eta David Azurza tolosarrak moldatutako Erregiak datoz.
Segidan, helduek beste sei abesti abestuko dituzte. Lehendabizi, Sabin Salaberriren Gaur gabon. Ondoren, ingelesez abestuko dute eta Rutterren I will sing with the spirit eskainiko digute. Segidan, Junkal Guerrerok moldatutako Orra Mari Domingi doinu ezaguna abestuko dute. Kataluniako doinu herrikoi ere abestuko dute, Fum fum fum. Ondoren, Hopson musikagileak eginiko Halle, Halle, Halle. Eta euren lanarekin amaitzeko, Eva Ugaldek konposatutako Zeruan dizdizka abestuko dute.
Urtero bezala, Haendelen Alleluia abestuko dute emanaldiaren amaieran.
Eguberri egun guztiak kantari
Txintxarri abesbatzako abeslarien lanak ez dira hor amaitzen. Abenduaren 24an kantu eskean ibiliko dira eta Olentzerori egingo zaion harreran parte hartuko dute herriko beste hainbat talderekin batera. Arratsaldeko lau terdietan abiatuko dira Larraitz auzotik.
Eguberri egunean, berriz, meza nagusian abestuko dute, besteak beste, Adeste fideles, Aurtxo maite edota Abestu dezaiogun zortzikoa abestuko dituzte. Abesbatzan kantari ibili eta hil direnen aldeko meza izango da.
Urteberri egunean elkartuko dira berriro Txintxarri abesbatzako abeslariak meza nagusian kantatzeko. Oi Bethlehem edota Mesias sarritan ezaguna abestuko dituzte; azken kantu horretan Xefe Balerdi arituko da bakarlari lanetan.