Emanaldi erakargarria eskaini dute Txintxarri taldeko abesbatzek

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Pikabea 2017ko urriaren 23a

Larunbatean ospatu zuten Txintxarri Eguneko uneetako bat. T. GOMEZ

Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek gustura utzi zituzten entzuleak joan den larunbatean Alegiako elizan eskainitako emanaldiarekin. Txintxarri Egunean abesbatzak beti saiatzen dira doinu berriak eskaintzen, eta oraingoan ere asmatu zuten berrikuntzekin.

Pianoaz, txalapartaz eta gitarraz lagunduta aritu ziren bi abesbatzak; momentu batzuetan koreografia ere erabili zuten kantuari laguntzeko, eta horrek guztiak erakargarri egin zuen Txintxarri Eguneko emanaldia.

Garbiñe Orbegozoren aginduetara aritu ziren bi abesbatzak, eta beti bezala, Mariaje Rekondo herritarra izan zuten laguntzaile pianoarekin. Oraingo honetan, Iosune Marin, Asier Ansa eta Irati Garcia hernaniarrak izan ziren gonbidatu bereziak; lehenak gitarrarekin lagundu zion abesbatzari, eta bigarrenek txalapartarekin lagundu zioten.

Alegiako Udalaren, Parrokiaren eta Txintxarri Abesbatza Kultur Elkarteko bazkideen laguntza eskertu zuten abesbatzek. Eta gogoan izan zituzten berrogeita hamazazpi urteotan abesbatzako abeslari izan eta hil direnak.

Eguberrietako emanaldia prestatzen arituko dira abesbatzak datozen asteotan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!