Vivaldiren 'Gloria' Alegian, Sostoa abesbatzarekin

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Pikabea 2017ko mar. 10a, 08:00
Eibarko Sostoa abesbatza.

Txintxarri Abesbatzak gonbidatuta, Eibarko Sostoa koruak emanaldia eskainiko du elizan, igande honetan.

Eibarko Sostoa abesbatzak emanaldi berezia eskainiko du datorren igandean, martxoak 12, Alegiako Joan Bataiatzailea Deunaren elizan arratsaldeko zazpietatik aurrera. Herriko Txintxarri Abesbatzak gonbidatuta abestuko dute Eibarko abeslariek. Besteak beste, Antonio Vivaldiren Gloria obra handia eskainiko dute Sostoa abesbatzakoek.

Eibarko eta Alegiako abesbatzek duten hartu-emanetik sortu da emanaldi hau egiteko aukera. 1988an etorri ziren eibartarrak lehendabiziko aldiz Alegiara, eta orain, ia hogeita hamar urte geroago, alegiarren aurrean abestuko dute berriro. Iaz abestu zuen Txintxarri abesbatzak Eibarren, eta oraingoan eibartarren txanda izango da.

Eibarko Sostoa abesbatzaren emanaldiak bi zati izango ditu: lehen zatian, Antonio Vivaldiren Gloria abestuko dute korutik, eta ondoren, euskal abesti sorta bat eskainiko dute aldarean. Jesus Mari Sagarnaren gidaritzapean ariko dira Sostoa abesbatza osatzen duten berrogei gizon-emakumeak.

Vivaldiren Gloria obran Gerardo Rifon organo jotzaile donostiarrak joko du organoa. Zati batzuetan koruko hainbat abeslari bakarlari gisa ariko dira.

Gloria RE Maiorrean RV 589 da obraren izen osoa. 1713an konposatu zuen Venezian jaiotako musikagileak. Obra sinfoniko-korala da eta liturgia testu batean oinarrituta dago. Hamabi mugimenduz osatuta dago Gloria. Kontraste handiko obra da; abesbatzak eta bakarlariek txandaka abesten dute.

Kontzertuaren bigarren zatian euskal abesti sorta bat eskainiko dute, euskal musikagileen obrak gehienak. Joxe Mari Iparragirreren Biba Nafarra abestuko dute lehendabizi. Segidan, Eijerra zira doinu ezaguna. Ondoren Aita Madinak egindako No sé engañar pieza eskainiko dute. Ez Dok Amairu kultur taldeko hiru musikariren doinuak ere eskainiko dituzte kontzertuan: Mixel Labegerie uztariztarraren Haurtxo haurtxoa, Benito Lertxundiren Ekaitza eta Lurdes Iriondoren Ez nazazu utzi obrak. Victor Zubizarretaren Herriko festa izeneko obrarekin amaituko dute emanaldia.

Sostoa, hiru hamarkada kantuan

Eibarko Sostoa abesbatza 1984an sortu zen. XVIII. mendean Arantzazuko musika kaperako musikari izan ziren Andres eta Manuel Sostoa frantziskotar musikari eibartarrak gogoan jarri zioten Sostoa izena abesbatzari.

Euskal Herriko eta atzerriko hainbat herri eta hiritan abestu du koruak. Garai batean zenbait lehiaketatan parte hartu zuen eta sariren bat edo beste ere eskuratu zuen. Une honetan 41 kantarik osatzen dute Sostoa abesbatza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!