Euskal doinuak Gaztelakoekin batera Txintxarri Egunean

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Pikabea 2016ko urr. 18a, 11:00
Txintxarri abesbatzako eta Castilla Vieja abesbatzako kideak, batera abesten Txintxarri Egunean. TXUSO GOMEZ

Aho zapore gozoarekin geratu ziren entzuleak joan den larunbateko Txintxarri Eguneko emanaldiarekin. Herriko bi abesbatzen doinuez gain, Palentziako abesbatza baten musikaz gozatzeko aukera izan zuten entzuleek.

Alegiako Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzen parte-hartzea laburra izan zen. Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean aritu ziren biak, tarteka Mariaje Rekondo herritarrak pianoarekin lagunduta. Obra desberdinak eskaini zituzten, baina noski, euskal doinuek toki berezia izan zuten. Hala nola, 60ko hamarkadan ezagun egin zen Erlak bikote euskaldunaren doinu bat abestu zuten gazteenek. Josu Elberdin Pasaiako musikagilearen pieza pare bat, berriz, taldeko helduenek.

Baina, zalantzarik gabe, Palentziako Dueñas herritik etorritako Castilla Vieja abesbatza izan zen larunbateko protagonista. Hogeita bost bat lagunez osatutako taldeak maila ona erakutsi zuen Alegiako elizan. Musika landua eta gustu handiz abestutakoa, gainera. Jose Maria Gomez Lasoren gidaritzapean aritu ziren, eta Gaztelako musikagileen konposizioak abestu zituzten gehienbat. Gaztelako kultura eta bizimodua jasotzen dituzten obrak entzun ahal izan ziren.

Ondoren, opariak egin zizkieten bi abesbatzek elkarri. Dueñasko herritarrei “botijero” deitzen diete herri hizkeran, eta hain zuzen ere, txongil bat jaso zuten alegiarrek opari. Afari-legea ere egin zuten Alegiako Txintxarri jatetxean, eta bertan, lehen urratsak eman zituzten alegiarrek Dueñasera egin behar duten itzulerako bisita prestatzeko. Oraindik ez dute egunik zehaztu.

Txintxarri Txiki abesbatzaren emanaldiaren une  bat Txintxarri Egunean. TXUSO GOMEZ

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!