"Garai bateko euskal abestiak ahaztu ez daitezen eta euskal doinu berriak koru musikara ekartzeko" helburuarekin prestatu dute kontzertu "berezi" hori. Herriko musikariekin batera arituko dira abeslariak, eta emanaldia eskaintzeko eremua ere berria izango da abesbatzentzat: duela gutxi berritu eta txukundu duten herriko Elizpe zine aretoa.
Talde desberdinetan banatuta arituko dira kantariak. Guztiak Garbiñe Orbegozo herritarraren aginduetara. Lehendabizi, Txintxarri Txiki abesbatzakoak ikusiko ditugu kantuan. Hala, Benito Lertxundiren “Egunsentia” eta Urretxindorrak taldearen “Munduko bideak” abestiak eskainiko dituzte. Jon Maia bertsolariaren hitzetan oinarrituta Mikel Urdangarin kantari bizkaitarrak konposatutako “Non geratzen den denbora” doinu ezaguna ere eskainiko dute. Karibe aldeko doinuak ere ekarriko dituzte Elizpe zine aretora “Gipsy in the moonlight” kantuarekin. Aitor Furundarenak sortu eta Xabier Sarasolak moldatutako “Zenbat txiki behar da” kantua abestuko dute, arrazakeriaren kontrako eta herrien elkartasunaren aldeko pieza alegia.
Ondoren, Txintxarri Gazte Taldeko abeslariek Josu Elberdin pasaitarraren “Zu zaitut alboan” abestia abestuko dute. Eta ondoren, helduen abesbatzako emakumeekin batera, beste bi kantu eskainiko dituzte: Mikel Urdangarinen “Usaiak” eta Ken Zazpiren “Ilargia”.
Gazteenen ondoren, helduen abesbatzakoak hasiko dira eta “Lau teilatu”, “Xalbadorren heriotzean” edota “Bagare” abestien gisako betiko doinuak abestuko dituzte. Ken Zazpiren beste kantu batek ere hartuko du lekua Txintxarri abesbatzaren jardunean, “Haizea” abestiak alegia. Leonard Cohen Kanadako abeslari zaharraren doinu ezagun bat ere abestuko dute, “Hallelujah”. Eta noski, gorputza mugimenduan jarriko dute “Malakatunba” doinu dinamikoarekin.
Kontzertuari amaiera emateko, abeslari guztiek Luis Llachen “Agure zaharra” abestuko dute entzuleekin batera.
Emanaldiko zenbait kantutan lagun izango dituzte herriko musikariak, horietako batzuk Loatzo musika eskolako ikasleak direnak: Mariaje Rekondo pianoan, Manex Elola gitarrarekin, Lide Alustiza eta Leire Lanpre akordeoiarekin, Oihana Agirreurreta eta Irati Barrenetxea zeharkako flauta jotzen, eta Xumai Aizpuru perkusioan.