Alegiako Txintxarri Abesbatza Eibarren izango da kantari igandean

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Pikabea 2016ko eka. 17a, 14:39
Txintxarri Abesbatza, 2015eko Txintxarri Egunean. TXUSO GOMEZ

Alegiako Txintxarri abesbatzak emanaldia eskainiko du igande honetan, ekainak 19, Eibarren. Bertako Sostoa abesbatzarekin duen harremanetik sortu da kontzertua eskaintzeko aukera. Bi abesbatzek abestuko dute kontzertu horretan. Emanaldia Eibarko San Andres parrokian izango da arratsaldeko zazpietan.

Alegiako eta Eibarko zuzendariak aspaldiko ezagunak dira koru musikaren alorrean. Aspalditik zeukaten asmoa bi abesbatzek elkarrekin emanaldi bat prestatzeko eta orain iritsi da momentua. Alegiarrek igandean abestuko dute Eibarren eta eibartarrak udazken aldera etorriko dira Alegiara.

Euskal doinuz beteriko emanaldia izango da. Alegiarrek zortzi obra eskainiko dituzte Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean. Mariaje Rekondo herritarrak lagunduko die pianoarekin. Eibartarrak, berriz, Jesus Mari Sagarnaren aginduetara ariko dira.

Pier Paul Berzaitz zuberotarraren Baratze bat kantuarekin hasiko dute saioa, Xefe Balerdi bakarlariaren parte-hartzearekin. Maiteak galde egin zautan, Aldapeko sagarraren eta Bagare euskal abesti herrikoiak eskainiko dituzte. Josu Elberdin pasaitarrak konposatutako Kantauri obra eskainiko dute; Iparraldeko Euskal Herri Hegoaldeko Herri Elkargoak emandako diru laguntzarekin eginiko pieza da hori. Leonard Cohen Kanadako kantariaren doinu ezagun bat ere abestuko dute, Hallelujah izenekoa. Eta Juncal Guerrero andoaindarrak moldatutako Mutil txaleko gorri doinuarekin amaituko dute saioa.

Eibarko abesbatzaren saioan Ez Dok Amairu taldeko abeslarien doinuak izango dira nagusi. Mixel Labegerie kantari uztariztarrak eginiko Primaderako liliak kantuarekin hasiko dute emanaldia Sostoa abesbatzakoek. Segidan, Mikel Laboaren Negu hurbila doinua abestuko dute. Benito Lertxundiren Ekaitza eta Loretxoa ere eskainiko dituzte eibartarrek. Gutxitan entzun ohi ditugu Lurdes Iriondoren doinuak eta berak eginiko Ez nazazu utzi pieza abestuko dute. Euren saioa bukatzeko, Julen Lekuonaren Itsasoan urak handi abestia kantatuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!