Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzen Eguberri doinuak

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Pikabea 2015ko abe. 21a, 18:47
Iazko Eguberritako kontzertuaren une bat. EDUARDO ARRAYET

Eguberri egunen atarian Eguberri doinuz beteko dute Alegiako eliza herriko Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek. Abenduaren 23an eskainiko dute urteroko emanaldia Joan Bataiatzailea Deunaren elizan, arratsaldeko zortziak laurden gutxiagotan.

Ordubete inguruko emankizuna prestatu dute abesbatzek. Azken aldian ohi bezala, Garbiñe Orbegozok zuzenduko ditu bi taldeak. Txintxarri Txiki abesbatzakoak hasiko dira aurrena eta lau doinu eskainiko dituzte. Gabonak gabon izeneko abesti herrikoi batekin hasiko dute euren lana. Hiru euskal musikagilek moldatu edo konposatutako hiru pieza ere abestuko dituzte: Javi Bustoren Zergatik geldi zera, Imanol Elizasuk moldatutako Kanta alleluia eta Iñaki Tolaretxipik moldatutako Eguberri on.

Segidan, helduen abesbatzak beste zazpi abesti eskainiko ditu. Luis Urteagaren Atzar gaiten doinua eskainiko dute hasteko. Ondoren, Noel eguberri abesti ingelesa kantatuko dute, baina Aitor Albisturrek euskaratutako hitzak abestuko dituzte. Segidan, latinez abestuko dute Txintxarri abesbatzako kideek: Hodie! Alleluia! izeneko kantu bizia, Mary Lynn musikagile estatubatuarrak eginikoa. Artzaiak izeneko zortzikoa ere kantatuko dute. Kontzertuaren amaiera aldean hiru doinu ezagun abestuko dituzte, Tomas Aragües musikagilearen Suite de Navidad bildumakoak: Haurtxo maite, Birjina maite eta Hator hator.

Mariaje Rekondok pianoarekin lagunduta arituko dira bi abesbatzak zenbait momentutan.

Kontzertua amaitutakoan abeslariak korura igoko dira eta bi doinu abestuko dituzte organoaren laguntzarekin: Abestu dezaiogun zortzikoa eta Haendelen Alleluia. Lehendabiziko abestian Xefe Balerdi, Xabier Mingo eta Joxe Mari Izagirre arituko dira bakarlari gisa.

Eguberri egunetan kantari

Eguberri bezperan kantu eskean ibiliko dira abesbatzako kideak Alegiako kaleetan eta Olentzeroren etorreran parte hartuko dute herriko beste hainbat talderekin batera.

Urtero bezala, Eguberri eta Urte Berri egunean Alegiako elizan abestuko du Txintxarri abesbatzak meza nagusian. Besteak beste, Jerry Estes musikagile estatubatuarraren Gloria, Joy to the world edota Mesias sarritan eskainiko ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!