Txintxarri Egun bateratua

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Pikabea 2015ko aza. 16a, 11:01
Txintxarri abesbatza, Txintxarri Txiki eta Elekun abesbatzakoak, batera kantuan. TXUSO GOMEZ

Alegiako Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek gonbidatu berezien parte-hartzearekin ospatu zuten aurtengo Txintxarri Eguna. Legorretako Elekun abesbatzak abestu zuen larunbateko emanaldian eta aho-zapore onarekin utzi zituzten entzuleak.

Emanaldi anitza eskaini zuten hiru abesbatzek joan den larunbatean Alegiako elizan. Hala ere, euskal doinuak nagusitu ziren Garbiñe Orbegozok eta Amalia Ibañezek zuzendutako kontzertuan.

Hemezortzigarren aldiz ospatu zuten Txintxarri Eguna. Aurtengoa bizilagunen, Legorretako abeslarien laguntza paregabearekin.

Alegiakoak izan ziren lehenak abesten. Txintxarri Txikik hiru obra eskaini zituen, gorputzaren mugimenduarekin lagunduta. Deigarria izan zen Xabier Sarasolaren Airia obran eginiko erakustaldia; eskaileretan eserita eta tarteka haize ufaden txistua adieraziz abestu zuten.

Txintxarri abesbatzaren saioa ohi baino laburragoa izan zen. Besteak beste, Sarasolaren Neskatx ederra abestu zuten, amodio abesti batek eskatzen duen gozotasun eta leuntasunarekin. Baita Karibeko kostako erritmo bat ere. Modu ikusgarrian abestu zuten Junkal Guerrero andoaindarrak moldatutako Mutil txaleko gorri euskal doinu ezaguna, panderoaz eta albokaz lagunduta.

Legorretako Elekun abesbatza izan zen larunbateko protagonista. Ibañezen aginduetara aritu ziren 40 abeslari inguru. Talde sendoa da Legorretakoena; 11 urte daramatza kantuan.

Aspaldiko partez betiko euskal abesti herrikoiak entzun ahal ziren eta entzuleek gogoko izan zituzten, jasotako txalo zaparradei erreparatuz gero. Boga boga, Iru txito edota Alexander Lesbordesen Kantuz abestu zituzten, besteak beste.

Larunbateko emanaldian agerian geratu zen abesbatzak urte hauetan izan duen garapena eta erronka berriei aurre egiteko jarrera.

Garbiñe Orbegozoren lanari gorazarrea

Emanaldiaren amaieran omenaldi xume bat egin zioten Garbiñe Orbegozori, Txintxarri abesbatza zuzentzen hasi zela aurten hogeita bost urte betetzen direla eta. 1990ean Joxe Gastesiren lekukoa hartu zuenetik abesbatzaren oinarri garrantzitsua da Orbegozo. Abesbatzan musika gaurkotzen, koruaren kalitatea hobetzen eta abeslariak erakartzen jakin du Alegiako zuzendariak. Hogeita bost urte hauetan taldearekin egin duen lana eta taldearekiko erakutsitako konpromisoa txalotu zizkioten abeslariek. Emanaldiaren ostean, bi abesbatzek eginiko afari legean ezusteko polita eskaini zioten: Felix Irazustabarrena herritarrak idatzitako bertso sorta bat abestu zioten Orbegozori. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!