Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek aste honetan hasiko dituzte entseguak

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Pikabea 2015ko ira. 14a, 16:22

Alegiako abesbatzek bukatu dituzte udako oporrak eta lanean hasteko txanda iritsi zaie. Datorren ostegun honetan, irailak 17, hasiko dituzte entseguak gaztetxoek zein helduek, biek ere Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean. Udazkeneko erronkei heltzeko prest dira bi koruak.

Txintxarri abesbatza indarberrituta itzuliko da lanera, uztailean Erromara eginiko bidaiaren ostean. Vatikanoan eskainitako emanaldiak ametsak bete daitezkeela erakutsi die abeslariei, eta ikasturte berrian amets gehiago betetzeko asmoekin itzuliko dira lanera alegiarrak. Iaz bezala, ostegunetan egingo ditu entseguak helduen taldeak gaueko bederatzietan hasita kultur etxeko areto nagusian.

Udazkenari begira badituzte hainbat emanaldi abesbatzakoek eta horretan buru-belarri hasiko dira. Urtero bezala Txintxarri Eguna antolatuko dute eta kontzertua eskainiko dute.

Abesbatzan kantatzeko gogoa dutenek abesbatzeko norbaitekin jarri beharko dute harremanetan. Txintxarri abesbatzak jendea animatu nahi du beldurrik gabe probatzera etor daitezen.

Txintxarri Txiki: kantuz mugitu, sentitu

Kantua adierazteko, mugitzeko, bizitzeko eta sentitzeko bideetako bat da, batez ere txiki eta gaztetxoenen kasuan. Horretan dihardu Alegiako Txintxarri Txiki abesbatzak eta horretan arituko dira ostegun honetatik aurrera Garbiñe Orbegozok gidatuta.

Aurten txikiagoei abesbatzan abesteko aukera emango zaie; adin taldea zabaldu egin du abesbatzak. Hortaz, zazpi urtetik hamasei urte bitarteko haur eta gazteek abestu ahal izango dute koruan, hau da, 2. Mailan ari direnetatik hasi eta DBH 4an ari diren ikasleetaraino.

Kultur etxeko areto nagusian entseatuko dute arratsaldeko 19:30tik 20:30ra, ostegunetan. Izena eman nahi duenak nahikoa du ostegunean entsegura azaltzea. Zalantzaren bat izanez gero, kultur etxean jaso ahal izango da zuzendariarekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia.

Alegian emanaldiak eskaintzeaz gainera, beste abesbatza batzuekin topaketak egiten ditu Txintxarri Txiki abesbatzak, baita Gipuzkoako Abesbatzen Elkarteak urtero antolatzen dituen tailerretan parte hartu ere. Tailer horietan bizpahiru egun pasatzen dituzte abeslariek aterpetxe batean Gipuzkoako beste koruetako haurrekin batera. Esperientzia oso positiboa izan ohi da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!