Badira zenbait urte Alegiako Txintxarri abesbatzak Tolosako sanjoanetako txistulari Alardean abesten duela. Karmenetan elkarrekin eskainiko duten bigarren emanaldia da. Aurrekoa 2010ean izan zen, 50. urteurreneko ospakizunen barruan.
Emanaldia bi pertsonak zuzenduko dute: Iñaki Letamendia Tolosako txistulari bandako zuzendari eta musika eskolako txistu irakasle denak, eta Garbiñe Orbegozo Hernaniko musika eskolako irakasle eta Txintxarri abesbatzaren zuzendariak.
Hainbat euskal doinu ezagun eskainiko dituzte, hala nola, Eperrak kantu ezaguna, Sorotan Beleren Arratsalde honetan edo Euskal musikaren gorespena, baita bals doinu sorta bat ere. Baina habanerak entzuteko aukera ere izango da; Sebastian Iradierren La Paloma kantu ezaguna abestuko dute.
Tolosako Txistulari Bandak ere eskainiko ditu hainbat pieza eurek bakarrik.
Eta aurtengo emanaldiko gonbidatua Gozategi Taldea da. Abesbatza eta txistulari taldearekin batera, euren hainbat doinu ezagun eskainiko dituzte: Nirekin, Iheslari eta Udako egunak.
Tolosako Udal Musika Eskola ikasleez gain, Euskal Herriko elkarte desberdinetatik etorritako txistulariek parte hartuko dute. Zenbait doinutan, Ion Garmendia txistulariak egingo du bakarlariaren lana. Tolosako Koldo Tarragona soinu-jotzaileak ere lagunduko die zenbait abestitan. Tolosako Udal Musika Eskolako Metal Boskotea eta Perkusio Taldea lagun izango dituzte guztiek. Mariaje Rekondo alegiarra arituko da teklatuan. Eta zenbait kantutan, Alegiako Sutarri dantza taldeko dantzariek dantza egingo dute.
Kontzertuaren aurretik, urtero legez, Txintxarri abesbatzak Karmen Eguneko meza nagusian abestuko du.