Txintxarri abesbatzak hasi ditu entseguak

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Pikabea 2014ko irailaren 16a

Alegiako Txintxarri abesbatza hasi da lanean. Irailean hasi ditu entseguak ohiko tokian, herriko kultur etxeko areto nagusian. Aurreko urtean hartutako erabakiari jarraituz, astean behin egingo ditu entseguak helduen abesbatzak, ostegunetan alegia. Gaueko bederatzietatik aurrera kantuak prestatzen arituko dira abeslariak.

Udazkenari begira badituzte hainbat emanaldi abesbatzakoek eta horretan buru-belarri hasiko dira. Urtero bezala Txintxarri Eguna antolatuko dute eta kontzertua eskainiko dute. Horrez gain, Otxandioko kontzertua prestatuko dute. Izan ere, Alegiako abeslariek emanaldi bat eskainiko dute udazken honetan Otxandioko Oihandi abesbatzarekin batera.

Garbiñe Orbegozo alegitarrak zuzentzen du ahots nahasietako helduen korua. Era guztietako musika lantzen dute: euskal folklorea, euskal harmonizazio modernoak, gospela, musika sakroa, habanerak, brasildarrak, etab. Abesbatzan kantatzeko gogoa dutenek abesbatzeko norbaitekin jarri beharko dute harremanetan. Txintxarri abesbatzak jendea animatu nahi du beldurrik gabe probatzera etor daitezen.

Musika eginez gozatu eta beste herrietako abesbatzekin harremanak egiteko modua da abesbatzako kideen ustez; bertako musika landu eta harreman sozialak lantzeko bidea ematen du abesbatzak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!