Batasunean datza langileon indarra

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldeko Autodefentsa Laboraleko Sarea 2021eko martxoaren 26a

Urte bete igaro da jadanik Tolosaldeko Autodefentsa Sarea aurkeztu genuenetik, langileon arteko elkartasuna saretu, lan munduko gatazkei aurre egin eta sektore zaurgarrienei laguntzeko asmoarekin. Aurkeztu eta hilabete batzuetara Covid-19aren pandemia zabaldu zen, baina ahal izan genuen moduan, ematen ari ziren lan gatazkei eusteko hautuarekin jarraitu genuen. Izan ere, birusarekin irekitako egoerak krisialdi ekonomikoa areagotu zuen, burgesiaren ofentsiban sakonduz eta lan gatazkak biderkatuz (ERTE edo kaleratzeak kasu). Testuinguru horretan, babesgabetasun egoeran zeudenei asistentzia juridikoa eman eta lan gatazkei begira elkartasuna antolatzeko dinamikak jarri genituen martxan. Hala ere, beharrezkoa egin zaigu egoera berrira egokitu ahal izateko indarrak bildu eta hausnarketa ezberdinak aurrera eramatea.

Lehendik esan izan dugun bezala, beharrezkoa iruditzen zaigu soldatapeko lanaz haratago ere langileon antolakuntza sustatzea, gizarte kapitalista osotasunean gaindituko duen prozesu bat gorpuzten joateko. Poztekoak dira, beraz, azken urteetan gizarteko esparru ezberdinetan burgesiaren ofentsibari aurre egiteko garatu izan diren antolakuntza espresioak. Zentzu horretan, bereziki aipatzekoak dira langileon autoantolakuntza eta prozesu sozialista zabaltzeko lanetan ari diren antolakunde eta kolektiboak. Horregatik, Tolosaldeko Kontseilu Sozialista dugu erreferentzia politikotzat eta eskualdean langileon antolakuntza bultzatzeko lankidetzan arituko gara.

Autodefentsa saretik martxan jarriko dugun jardunari dagokionez, zenbait aspektu aipatu nahiko genituzke. Batetik, soldatapeko lanean ematen diren gatazkak irabazi eta bizi baldintzak hobetzen joatea helburu izanik, horretarako eraginkorrak diren antolakuntza forma zein tresnak garatzen joatea izango dugu erronka nagusiena. Bestetik, soldatapeko lanaz gain, langileok behar-beharrezko ditugun diru sarrerak lortzeko beste zenbait bidetan ematen diren problematikei ere helduko diegu etorkizunean.

Datozen hilabeteetan aspektu hauen bueltan jarduteko nahia azaleratu nahiko genuke, beraz, eskualdeko langile orok irabazien problematikan dituen arazoak gainditzeko pausoak ematen saiatuko gara. Aitortu beharra dago denontzat bizi baldintza berdinak lortzeko oraindik lan handia dugula aurretik, baina ezinbestekoa da gaurdanik antolatzen hasi eta indarrak batzen joatea. Horregatik dei egiten diegu langileei dinamika ezberdinetan parte hartu eta elkartasuna saretzera, batasunean aurkitzen baita erasoei aurre egiteko indarra.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!