Bilketa garai bete-betean, Ibarrako piperra ezagutzeko eta dastatzeko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Turismoa 2020ko abu. 11a, 16:08

Udako produktu izarretako bat da Ibarrako piperra, eta Tolosaldeko turismo bulegoaren eskutik bisita gidatua egiteko aukera izango da, Ibarran, igandean. Tolosaldeko gastronomiaren jatorria, ekoizleak bisitatuz eta beren produktuak dastatuz ezagutzeko aukera eskaintzen dute.

Tolosako babarrunaren bikote izaten da ozpinetan jarritako Ibarrako piperra, urte guztian, baita antxoarena ere, hain ezaguna den gildan. Baina udako hilabeteetan piperra landarean ikus daiteke, berde-berde eta fresko.

Ibarrako piperrak frijituta jaten dira udan, eta Tolosaldeko kutixirik kutunenetako bat dira. Txumitxa tabernari esker, piperraren sehaskan, Ibarran, landaketa bat ikustera joatea plan ederra da, eta hura jateko zenbat aukera dauden jakitekoa.

Hilaren 16an, igandean, Ibarran izango da bisita gidatu eta piper preziatuaren dastaketa, 10 euroren truke.

Bisitaren ostean dastatzen jarraitu nahi duenak aukera izango du. Berrobiko Iriarte jatetxean (54 euro) eta Orexako ostatuan (25 euro) menua janez.

Dastatzen den mokadu bakoitzaren atzean artisau askoren kate-lana ezkutatzen da: sukaldari handien plater elaboratuak, lehengaiak ekoizten eta zaintzen dituztenen lanetik hasten baitira.  Alderantzizko esperientzia bizitzea proposatzen dute: "ekoizle baten lana lehen eskutik ezagutu, eta, ondoren, bere produktuak Tolosaldeko jatetxe batean dastatu".

 

Erreserba egiteko

  • Parte-hartzeko taldeak mugatuak izango dira.
  • Erreserba egin daiteke Tolosako turismo bulegoan (Andre Mari plaza, 1), eta baita posta elektronikoz ere (tour@tolosaldea.eus), edota telefonoz (943-69 74 13) eta tolosaldea.eus webgunearen bidez.
  • Otorduetarako erreserbak jatetxean bertan egin beharko dira.
  • 4 urtetik beherakoek ez dute bisita ordainduko, eta 16 urtera artekoek, 5 euro. Otorduetarako, kontsultatu prezioa.

Gozatzeko, ardura eta segurtasuna

Bisita guztietan segurtasuna bermatuta egongo da. Hauxe da COVID-19 protokoloa:

  • Talde bakoitza gehienez 19 pertsonaz osatuko da.
  • Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da.
  • 1,5 metroko tartea gorde beharko da une oro.
  • Eskuak desinfektatzeko hidrogela jarriko da eskura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!