Energia diagnosiak

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2026ko apirilaren 27a

Tolosaldea Garatzenek azken hilabeteetan energia diagnosiak egin ditu eskualdeko zortzi enpresatan Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Enpresa baten jardunerako beharrezkoak diren energia-kontsumoari lotutako kostuak kontuan hartu beharreko faktore garrantzitsuetako bat da lehiakortasuna handitzeko helburua planteatzen denean. Are gehiago, gaur egungo testuingurua kontuan hartuta, horrek enpresaren biziraupenean izan dezakeen eragina baloratzen badugu.

Egoera aldakor hau erabakigarria izan da enpresetan energia eraginkortasunaren garrantziaren pertzepzioa aldatzeko. Marjinak murrizten direnean, kostu ezberdinen, bereziki energiaren, kontrol eta optimizazioa ezinbesteko bihurtzen dira.

Horrela, proiektu honen helburua eskualdeko enpresen energia-eraginkortasunaren egoera aztertzea izan da, eta hobetzeko aukerak identifikatzea. Hori dela eta, honako xede hauek lortu nahi izan dira: energia eta kostuen aurreztea, ingurumenarentzako hobekuntzak identifikatzea, jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren iraunkortasunari ekarpena egitea, hornidura jasangarri eta eraginkorrak lortzea, arriskuak murriztea eta energia- nahiz ingurumen-trantsizioan kokatzea.

Eskualdeko enpresa hauetan egindako lanketak hiru etapa izan ditu. Lehenik eta behin, enpresa bakoitzaren errealitatea ezagutzeko eta momentuko egoera ezagutzeko arlo horren inguruko informazio-bilketa zehatza egin da. Azken urteetan izan dituzten gastuen bilketa, pabilioien ezaugarriak (azalera, instalazio edo ekipamendu ezberdinen inguruko informazioa bildu da), plano ezberdinen bilketa eta aurretik burututako ekimenen dokumentazio bilketa. Honekin guztiarekin, enpresetara bisita bat egin da ingurunea ezagutu eta aukeren balorazio zehatzago bat egiteko.

Bigarren fasean, aurreko etapako informazioa oinarri hartuta, azterketa sakon eta zehatza garatu da. Egoera energetikoa aztertu da, energia iturriak eta haien kontsumo energetiko orokorrak ezagutu dira, kontsumo- eta kostu-ratioak eguneratu dira, araudiaren betetze-maila berrikusi da eta eraginkorrago izateko neurriak proposatu dira. Honekin, lehen ondorio batzuk atera dira eta enpresa bakoitzarentzako neurri pertsonalizatuak diseinatu dira.

Bukatzeko, azken fasean, enpresei azken ondorio horien planteamendu bat egin zaie haien egoera bereziak kontuan hartuta eta kudeatu nahiz kontrolatu beharreko elementuak azalduta. Enpresekin azken doikuntzak adostu ondoren, diagnosi definitiboa proposatu zaie.

Prozesu honekin batera, Energia Aurrezpeneko Ziurtagirien inguruko saio bat antolatu du Tolosaldea Garatzenek enpresekin, sistema honen onurak eta aurrezteko aukerak ezagutzeko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!