2023ko uztailean abiatu eta 2026ko ekainaren 30era arte luzatuko den Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Plana martxan da jada, eskualdeko turismo eredua eraldatzeko helburuarekin. Ekimenak ia 2 milioi euroko aurrekontua du, eta eskualdeko 19 udalerriren eta hainbat eragileren arteko elkarlanari esker gauzatzen ari da.
Planaren oinarriak 2021ean diseinatutako Turismoaren Marketin Planean daude, eta 2022an aurkeztu zen ofizialki jasangarritasunaren ikuspegitik egokitutako estrategia. Guztira, 29 kontratazio prozedura abiatu dira orain arte, eta hasierako plangintza bidean sortutako erronketara egokitu da. Proiektua Europar Batasuneko Next Generation EU funtsen bidez finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan kokatzen da.
Trantsizio berdea eta jasangarritasuna, lehen ardatza
Lehen ardatzak natura inguruneen babesa eta balioa nabarmentzea du helburu. Alkiza eta Amezketan, besteak beste, Hernio-Gazumeko interpretazio zentroa berritu eta tresna digitalekin osatu da, eta Pello Zabala gunea indartu da Aralarko baliabideen interpretazioa hobetzeko.
Bestalde, biodibertsitatea sustatzeko hiru urmael berri sortu dira Alegian, Amasa-Villabonan eta Alkizan. Horiez gain, beste hainbat espazio berritu edo egokitu dira, hala nola Langaurreko eta Itxuraingo urmaelak. Orexa eta Baliarrainen, berriz, euri-uren eraginez sortutako higadurari aurre egiteko neurriak hartu dira, eta Orexan arboretum historiko bat landatu da.
Energia eraginkortasuna eta mugikortasun jasangarria
Bigarren ardatzaren baitan, Tolosaldeko ibilbide homologatuen sarea osatzeko lanak egiten ari dira. Guztira, oinezkoentzako bost ibilbide berri sortuko dira, eta dagoeneko daudenetan hobekuntzak egiten ari dira: seinaleztapena, garbiketa, sarbideak eta trazatuen egokitzapena.
Halaber, Alegiako Langaurre atsedenlekua eta Tolosako Iurramendi ingurua egokitzen ari dira oinezkoentzat eta bizikletentzat. Asteasun, Iturriotz eta Andazarrateko aparkalekuen erabilera arautzeko neurriak hartuko dira, eta Abaltzisketan autokarabanentzako gune berria sortzen ari dira Larraitzen.
Digitalizazioa: webgune berria eta esperientzia interaktiboak
Hirugarren ardatzak digitalizazioan du ardatza. Horren barruan, Tolosaldea.eus webgune berria garatzen ari dira, chatbot, online denda, bisita birtual eta panel interaktiboekin. Gainera, marketin digitaleko estrategia berria lantzen ari dira, bai eskualdeko eragileei bai bisitariei begira.
Tolosaldeko turismo bulegoan, errealitate areagotuko betaurrekoak eta kanpora begirako pantaila digitalak jarriko dira. Webgune berria udaberrian martxan jartzea aurreikusten da.
Lehiakortasuna eta tokiko eskaintzaren balioa
Laugarren ardatzak turismo eskaintzaren kalitatea eta lehiakortasuna indartzea du helburu. Horren adibide dira Kutsidazu bidea Ixabel ibilbidearen seinaleztapena Hernialde eta Alkiza artean, Asteasuko Muskerraren bideko harrera gunea, edota Larraulgo Ekomuseoaren digitalizazioa.
Irisgarritasuna hobetzeko ekintzak ere egingo dira, besteak beste interpretazio zentroetan eta turismo bulegoetan. Abaltzisketan eta Amezketan jada neurri zehatzak hartu dira espazioak irisgarriago egiteko.
Turismo aktiboari dagokionez, Larraitzen azpiegitura berriak sortu dira —dutxak, iturriak eta oinetakoen garbilekuak—, eta tokiko produktuak sustatzeko ekimenak ere abiatu dira hainbat udalerritan. Besteak beste, Amezketan Mondejuaren Azoka eta talo tailerrak antolatu dira; Tolosan, bertako produktuen dastaketak barne hartzen dituzten bisita gidatuak sortu dira; eta Orexan gaztaren inguruko eskaintza indartu da.
