Ez da ezer berria. Mugitzea gure bizimodu ohituretan erabat errotua dago. Gero eta gehiago eta gero eta urrutiago mugitzen gara. Eta horrek, ezinbestean, mugikortasun arazoak dakartza: kutsadura, espazioaren okupazioa, zarata, kotxedependentzia…
Tolosaldean, gainera, landa eremuan bereziki nabarmena da egoera hori: garraio publikoko eskaintza eskasa da eta, desnibelaren ondorioz, oinezko eta bizikleta bidezko mugikortasuna mugatua dago.
Eta ez hori bakarrik: autoak gastu handia dakar. Gainera, gazteen artean gidabaimena ateratzeko eta auto propioa edukitzeko joera beherantz doa azken urteetan
Alternatibak? Autoa konpartitzea, adibidez. Autoak urriagoak zirenean elkarrekin mugitzen ginen hara eta hona, ikastera zein lanera. Zergatik ez bueltatu ohitura on horietara? Ez gaude ezer berritzailea proposatzen. Gazteek dagoeneko egiten dute (kotxe bat erosteko zailagoa dutelako, noski) baina helduagoei ahaztu zaigu alternatiba solidarioagoa, ekonomikoagoa eta jasangarriagoa dela autoa konpartitzea.
AUTObat komunitatea sortu da Tolosaldean. Tribbu aplikazioaren bitartez sartu ahal zara komunitate honetan eta bidaia partekatzeagatik pizgarri ekonomikoak jaso ditzakezu.
Komunitatea sortu denetik urtarrilean ia 1.000 bidaia partekatu dituzte Tolosaldean. Tolosaldetik abiatzen diren edota Tolosaldera datozen pertsonen bidaiak kontabilizatzen dira, eta dagoeneko 25.000 kilometroko distantzia egin dituzte bidaia partekatuen bitartez.
Mugikortasun jasangarriaren aldeko beste urrats bat da. Lanketa ez da hemen gelditzen: garraio publikoaren eskaintza areagotzea eta eraginkortzea, bereziki digitalizazioaren bidetik, intermodalitatea hobetzea eta oinezko eta bizikleta mugikortasuna indartzea ere dira eskualdearen erronkak. Eta gutxiago mugituko bagina, agian? Partekatu dezagun autoa hausnartzen dugun bitartean.