Abenduaren 10a Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da, eta hilaren 18a, berriz, Pertsona Migratzaileena. Bi egun horien aitzakian, atzerritik iritsitako herritarren inguruan zabaltzen diren estereotipoak eta zurrumurruak ekiditeko sei kultur ekitaldi antolatu ditu Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun Sailak, udalen laguntzarekin eta Mas Mujeres, Zutani, Gipuzkoako SOS Arrazakeria eta Mestiza elkarteekin elkarlanean. Ekintza hauek Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzarekin aurrera eramango dira.
Azaroaren 28an, Anoetako Mikelasagasti auditorioan, Guatemalako Las Poderosas antzerki konpainiaren eskutik, Nuestras migraciones antzezlana izan da ikusgai. Las Poderosas Teatro, indarkeria matxistatik bizirik atera diren Guatemalako emakumeen kolektiboa da, eta antzerkiaren bidez euren mina sendatu, borrokatu eta arte eta ekintza bihurtu dute. Nuestras migraciones euren azken antzezlan da. Emakume migratzaileen leku aldatzeaz, etxe bilaketaz eta erresilientziaz mintzo den antzezlana da. 50 pertsona inguru bertaratu ziren Anoetara.
Abenduaren 3an, Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren eskutik, atzerritartasun araudiaren aldaketei buruzko informazio saioa izan zen Villabonako Subijana etxean.
Abenduaren 9an, Villabonako Fleming ikastetxeko eta Zubimusu ikastolako LH4ko ikasleei zuzenduta, Nire etxea, zure etxea da ipuin kontaketa izan zen goizez, Maite Franko ipuin kontalariaren eskutik. Villabonako hezkuntza komunitateari zuzendutako ipuin kontaketa da, kulturartekotasuna lantzeko helburuarekin. Guztira, 62 haurrek hartu zuten parte.
Zutani elkarteak antolatuta, Jose Carlos Cabrerak hitzaldia emango du, abenduaren 18an, 19:00etan Tolosako Topic aretoan. Jose Carlos Cabrera Medina analista eta migrazio politiken aholkularia eta hedabideetan dibulgatzailea da. Frontera Liquidako aholkulari lanak eta unibertsitateko irakasle lanak uztartzen ditu. Gainera, 18 urtez bitartekari lanak egin ditu Algecirasko IKDEDAA-en, babes zentro batean Andaluziako Juntarentzat, eta 4 urtez asilo eskatzaileei arreta ematen dien gobernuz kanpoko erakunde bateko komunikazio arduradun ere izan da. Gaur egun, Ruta Mediterránea saioa zuzentzen du Canal Sur irratian.
Abenduaren 22an, Mestiza elkartearen eskutik, Liburu bat, Mundu bat ipuin kontaketa izango da Anoetako liburutegian, LH1-LH2ko haurrei zuzenduta 17:00etan, eta LH3-LH4ko haurrei bideratuta 18:00etan. Horretarako, Anoetako liburutegian eman beharko da izena.