Herritarrak gero eta gehiago arduratzen dira beren eskubideak baliarazteaz eta lan horretan KIUBak artatzen ditu, bai pertsonalki, bai telefonoz, bai e-mailez. Eta, informazioa emateaz gain, gatazka konpontzeko modurik egokienari buruz ere aholkatzen dute kontsumitzaileen bulegoan (epaiketaz kanpo —administrazio-bidea edo arbitraiaren bidea—, edo epaiketa bidez —bide zibila edo merkataritza-bidea—). Are gehiago, gatazkari aurre hartzeko modua ere aztertzen dute, baldin eta ezin bada administrazio-bitartekaritzarik edo izapide administratiborik egin. Izan ere, herritarrei dagozkien arazo eta gatazka asko konpontzeko ahalmen handia duen zerbitzua da KIUBa.
Hiru eremu lantzen ditu:
1. Informazioa eta Orientazioa edo Aholkularitza Juridiko-Legala.
2. Bitartekotza egitea eta Erreklamazio, Kexa eta Salaketen Izapidetzea.
3. Prestakuntza eta Komunikazioa.
Tolosaldeko herritarrei, euren babes propioaren protagonistak izan daitezen, beharrezkoak diren tresnak ematen saiatzen dira, ez bakarrik zerbitzutik bertatik, baita beharrezko prestakuntzaren eta informazio-arreta indibidualizatuaren bidez ere. Gainera, KIUB bera eta haren jarduerak Eusko Legebiltzarrean eta hedabideetan sustatzen dituzte, hau da, Interneten, sare sozialetan, prentsan, irratian eta telebistan, hain zuzen ere, EITB-ko, saio ezberdinetan parte hartzen du Tolosaldeko KIUB.
Kontsumo-arloarekin zerikusirik ez duten gaiei buruz, eskualdeko herritarrek zein erakunde erabili behar duten jakin gabe KIUBera jotzen dute maiz. Izan ere, herritarrarengandik hurbil dagoen zerbitzu gisa ulertzen baitute KIUB, eta zerbitzu horretan konfiantza osoa jarrita dute, behar den lege-arloko orientazioa lortzeko.
KIUBean lehenengo kontsulta ikuspegi juridikotik aztertuko da: herritarren interesak babestu, aurreneurrizko justizia lehenetsiz, informazio eta prestakuntza-lanaren bidez. KIUBaren bitartekaritza-lanaren bidez, helburu nagusia beteko da, hau da, epaitegien aurrean auziak duen eragina —oro har negatiboa— gutxitzea eta, horrela, denbora eta dirua aurreztuz, bai eskualdeko herritarrei, baita Justizia berari ere.
KIUB Kontsumo Administrazioa den aldetik, herritarrekiko konpromisoa, unibertsaltasuna, irisgarritasuna, objektibotasuna, gardentasuna eta zorroztasuna dira bere balioak.