Tolosaldeak klima-larrialdiari aurre egiteko klima eta energia diagnostiko integrala osatu du

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2025eko ekainaren 1a

Oria ibaiak gainezka egin zuen 2024ko otsailean. J.A.

Mundu mailan gertatzen ari diren klima eta energia arazoak gureak ere badira, eta gure erronka da horiei tokian tokiko ekintzekin erantzutea. Baina, zein da Tolosaldearen argazkia klima eta energia arloan? 

Galdera honi erantzun eta klima-aldaketak dakartzan erronkei aurre egiteko asmoz, Tolosaldea Garatzen erakundeak Tolosaldeko Klima eta Energia Diagnostikoa osatu du. Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu dute diagnostikoa, eta eskualdearen egoera klima-larrialdiaren aurrean aztertzeaz gain, klima-neutraltasunera bidean urrats sendoak emateko proposamen zehatzak egin ditu. 

Tenperaturaren igoera eta arriskuak

XIX. mendearen amaieratik 1,2 gradu igo da planetako batez besteko tenperatura. Tolosaldean, udak gero eta beroagoak dira eta gau tropikal gehiago izaten dira azken urteotan, Gipuzkoako gainerako eskualdeetan bezala.

Etorkizuneko aurreikuspenek diote eskualdeko tenperatura 3-4 gradu artean igo daitekeela mende amaierarako, ezer egiten ez bada. Horrek bero-boladak, lehorteak eta eurite bortitzak areagotu, eta osasunean, nekazaritzan, hiri-ingurunean, biodibertsitatean eta azpiegituretan kalteak eragingo lituzke. 

Energia-kontsumoa eta isuriak

Tolosaldeak erregai fosilekiko mendekotasun handia du, eta energia kontsumo esanguratsuenak industria (argindarra eta gas naturala) eta garraio sektoreetan (gasolina eta diesela) gertatzen dira. Energia berriztagarrien presentzia handiagoa izaten hasi bada ere, bereziki instalazio fotovoltaikoen gorakadarekin, eskualdeko energia eskari osoaren % 3,2 baino ez du asetzen. 

Erregai fosilen energia kontsumoaren ondoriozko berotegi-efektuko gasen emisioak nabarmenak dira, bereziki garraio eta industria sektoreetan, eta neurri txikiago batean baita abeltzaintza, etxebizitza eta zerbitzu sektoreetan ere. Diagnostikoak emisio horiek murrizteko premia azpimarratzen du, energia-eraginkortasuna, garraioaren elektrifikazioa eta energia berriztagarrien erabilera bultzatuz. 

Sektore estrategikoetan eragina

Osasuna: bero-boladek, aire-kutsadurak eta bektore bidezko gaixotasunek arriskuak handituko dituzte.

Ur-baliabideak: ibaietako ur-emariak gutxituko dira, eta lehorte nahiz euri bortitzen arriskua handituko da.

Nekazaritza eta abeltzaintza: ekoizpena murrizteko arriskua, izurriteak eta espezie jakinen ahultasuna ekar ditzake.

Energia eta azpiegiturak: elektrizitatearen eskaria handituko da udan, eta muturreko fenomenoek kalteak eragin ditzakete sareetan.

Turismoa: erakargarritasuna handitu daiteke, baina ekosistemetan presio handiagoa ere bai.

Trantsizio energetiko justua helburu

Argi dago Tolosaldeak trantsizio ekologiko eta energetikoan eredu iraunkorrago baterantz egin behar duela aurrera, eta horretarako, eskualdeko udalek bide-orria idatziko dute datozen hilabeteetan. Bide-orri horren oinarria Tolosaldea eskualdeko eragile publiko eta pribatuek udazkenetik hona diseinatu dute 2030 urtera bitarteko ekintza-plana da, aurki eskualdeko Energia eta Klima-aldaketari buruzko Mahaian aurkeztuko dena. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!