2024ko urtarrilaren 8an hasi ginen Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxea goiz eta arratsaldez irekitzen. Momentu horretan, bertaratzen ziren emakumeei arreta eta bideraketa eskaintzeaz gain, Aholkularitza Juridikoaren zerbitzua genuen martxan, bai eta Tolosako Udaleko Berdintasun sailak antolatzen duen Jabetze Eskola ere.
Urtea eta hilabete batzuk pasa dira goiz eta arratsaldez martxan jarri ginenetik, eta etxea ederki hazi da.
Egun, lau zerbitzu eskaintzen ditugu: hasieratik eskaintzen genuen Aholkularitza Juridikoa, Aholkularitza Psikologikoa, Ikasketak eta Prestakuntza Ibilbideak Homologatzeko Aholkularitza eta etxeko langile zein enplegatzaileentzat Aholkularitza Laborala. Zerbitzu hauetan guztira 362 hitzordu eskaini dira, eta 143 erabiltzaile egon dira. Hau da, urte honetan 143 emakume ezberdinek erabili dituzte Andragorako zerbitzuak.
Zerbitzuez gain, astero biltzen diren hainbat elkargune ere eskaintzen ditugu.
Alde batetik Kafe Tertulia, jatorri anitzeko emakumeentzat elkargunea; hau SOS Arrazakeriako dinamizatzaile batek bideratzen du, eta Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailarekin batera antolatzen dugu.
Bigarrenik, Auto-laguntza Taldea ere astero biltzen da Andragoran; hau indarkeria matxista jasan duten edo jasaten ari diren emakumeei zuzendutako espazioa da, eta Tolosako Udaleko Berdintasun sailarekin elkarlanean antolatzen dugu.
Azkenik, ama izan berri diren emakumeak ere astero biltzen dira Andragoran; hitzordu horrez gain, hileko lehen astelehenetan ama orori irekitako espazio bat eskaintzen hasi gara, dinamizatzaile batek bideratuta.
Jabetze Eskolaren etxe izaten ere jarraitu dugu; orain arte, 49 ikastaro eskaini dira Andragoran. Ikastaro hauez gain, programazio andana eskaini dugu: liburu aurkezpenak, ikastaroak, hitzaldiak, mahai-inguruak, edo dokumental- proiekzioak.

Ekimen hauez gain, Andragorak dituen espazio ezberdinak eskatzeko aukera ere badaukagu, betiere Andragorako printzipioekin lerrokatutako eta irabazi-asmorik gabeko ekimenak izanez gero. Bide honetatik, hainbat elkartek erabili dituzte Andragorako gelak, hala nola, Baketik Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Evaren Alabak Antzerki Taldea, Komorebi Produkzioak Kultur Taldea, Boolo Senegal Elkartea, Divinas Emakume Afrikarren Elkartea, Tolosako Asanblada Feminista, Tolosaldeko Asanblada Feminista, Batumore Tolosaldeko Batukada Feminista, edo Aranzadi Zientzia Elkartea. Ez hori bakarrik, talde ezberdinak ere sortu dira, Kantagora eta Txarangora kasu.
Azpimarratu nahiko genuke Andragora feminismoaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako gune estrategikoa dela, gogoetarako, prestakuntzarako eta ekintza feministarako erreferentzia-leku izatea duela helburu, eta emakumeen beharrei erantzuteko gune segurua dela.
Bide horretan gabiltza, baina espazio hau baliatu nahiko genuke eskualdeko zein irakurtzen gaituen emakume orori Andragorara gerturatu, ezagutu eta parte hartzeko gonbitea luzatzeko. Jarrai dezan Andragorak guztion babesleku eta etxe izaten!