Emakumeen alde eta arrazakeriaren kontra hausnartzeko egunak ate joka

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2025ko ots. 17a, 07:57

Martxoaren 21a arrazakeriaren kontra lan egiteko konpromisoa berresteko data dela gogorarazi du Nazio Batuen Erakundeak. Egun horretan, 1960an, apartheidaren legeen kontra protestatzeko Hego Afrikako Sharperville hirian burutzen ari ziren manifestazio baketsu baten aurka tiro egin zuen poliziak.

Berdintasunaren eta diskriminazio ezaren printzipioak erabat funtsezkoak dira Giza Eskubideen Nazioarteko arau guztietan. Edozein pertsonak lana topatu, etxebizitza lortu edota espazio publiko zein pribatu batera gerturatzen denean paira ditzakeen diskriminazio egoerak, aurreikusi eta borrokatu egin behar dira, eta neurriak hartzea ezinbestekoa da, elkarbizitza sustatzeko.

Zentzu horretan, ondorengo ekintzen bidez, herritarren gogoeta kritikoa sustatzea da gure helburua, martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna eta martxoaren 21a Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna oinarri izanik.

Tolosaldeko hainbat udalek, ondoren aipatuko ditugun ekitaldiak antolatu dituzte, jarrera diskriminatzaileei eta zurrumurruei aurre egiteko.

Lehenik, martxoaren 15ean, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailak, Tolosako Udaleko Berdintasun sailak eta Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak antolatuta Humor negra monologoa egongo da ikusgai Topic-en, Asaari Bibang afrofeminista eta antiarrazistaren eskutik. Martxoaren 15ean, larunbatean, Topic-en 19:00etan izango da. 14 urtetik gorakoentzat gomendatutako ikuskizuna da. Sarrerak salgai egongo dira Topic-eko leihatilan edota Topic-eko webgunean.

Humor Negra ez da komedia ikuskizun bat bakarrik, asmoen adierazpen bat da. Arrazakeriaren aurkako bakarrizketa afrofeminista honetan, umorearen bidez, Asaari Bibang gai da emakume, beltz eta migratzaile izatearen berezitasunez argi eta garbi hitz egiteko.

Ikuskizunak irauten duen 90 minutuetan, artistak ikuslea topikoen, aurreiritzien eta estereotipoen ispiluaren aurrean jartzera behartzen duen ibilbidea egiten du, eta, aldi berean, bere deseraikitze bidaian laguntzera gonbidatuko du.

Horretarako, errealitatera eramango du ikuslea, hasieratik bukaerara ikuskizun dinamiko batekin, non gai hauek aipatuko dituen: salbatzaile zuriaren sindromea, irudikapenaren garrantzia, «beltz bakarra», bikote arrazializatuak edo emakume beltzaren hipersexualizazioa imajinario kolektiboan.

Bestalde, martxoaren 20an, Tolosaldeko Migrazio eta Aniztasun sailak Alkizako Udalarekin elkarlanean Nire etxea zure etxea da ipuin kontaketa antolatu du Maite Francoren eskutik, Alkizako salto gelan. Hitzordua 17:00etan izango da, eta 4-10 adineko haurrei zuzenduta dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!