IKT Astea, enpresen eta norbanakoen eskura

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2024ko aza. 9a, 17:00

Aurtengo IKT asteko irudia. TOLOSALDEA GARATZEN

Tolosaldea Garatzeneko Enpresa sailetik, Informazio eta Komunikazio Teknologiek enpresen lehiakortasunean izan dezaketen eraginaren inguruan sentsibilizatzeko, formakuntza saioak antolatu ditugu beste urte batez.

Enpresa Digitalaren laguntzarekin antolatzen dugun ekimen honen aurtengo edizioan hamahiru ikastaro ezberdin eskaini ditugu. IKT Astea 16 urtez jarraian antolatu den ekitaldi bat da. Aste oso batez Informazio eta Komunikazio Teknologien alorreko gai ezberdinen inguruko saioak eskaintzen dizkiogu publiko zabalari. 

Goizeko saioak, enpresei eta Lanbide Heziketari bideratutakoak izan dira eta Lehiberri Zentroan eskaini dira. Eguerditako saioak, merkatariei bideratutakoak, Villabonako KzGunean eta Tolosako Emari Coworking espazioan antolatu dira. Arratsaldetakoak aldiz, online formatuan eskaini ditugu. Ikastaro hauek eragile ezberdinei zuzenduak izan dira, hala nola, turismoari, ekintzailetzari edo herritarrei orokorrean.

Tolosaldea Garatzen eta Enpresa Digitalaren arteko elkarlan honetaz gain, hirugarren agente bat ere ekimenaren parte da. Horrela, Mondragon Unibertsitatea ikastaroetan formatzaile bezala izan dugu. Aurtengo edizioan ondorengo gaiak izan ditugu:

Goizetan, enpresei eta Lanbide Heziketari bideratutako eskaintzaren barne Marketing Digitala. Zure sormen eta prozesuak indartu; Zure enpresarako AI pertsonalizatua sortu; Business Intelligence Power BI-rekin: sinplifikatu zure enpresako datuen analisia; Zibersegurtasuna: indartu zure negozioaren babesa eta Hobetu zure produktibitatea eta denbora ondo erabili ikastaroak izan dira.

Eguerditan Villabonako eta Tolosako merkataritzara bideratutako eskaintzaren barne ondorengo ikastaroa izan dugu: Komertzioa: Bezero arreta hobea eta marketing errazagoa.

Arratsaldetan, eragile ezberdinei zuzenduta arlo irekiko ikastaroak izan dira. Fitness-etik haratago: IA eta Wearableak eguneroko bizitzan; Egin Aurrera ChatGPT-rekin: Adimen Artifiziala zure eguneroko bizitzan; Turismoa: hobetu zure negozioaren produktibitatea, eta, Sare sozialen publizitatearen indarra deskubritzea.

Jorratutako gaiei dagokionez, azken urteotan denon ahotan dagoen adimen artifiziala funtsezko teknologia gisa azaleratu da. Hori nabarmena izan zen joan den asteko prestakuntzetan, saio gehienek adimen artifizialaren aplikazioen irakaskuntza hartu baitzuten abiapuntu gisa. Honela, lan-merkatuan IAren inguruko eskaria handiagoa dela azpimarratu zuten formatzaileek. 

Zalantzarik gabe, Lehiberri Foroa sortu zen momentutik, gaur egun finkatuen dagoen ekintza da honakoa

Parte-hartzearen aldetik, azpimarratzekoa da IKT Astea, Enpresa Sailak antolatzen dituen ekimen guztien artean jendetsuena izan ohi dela. Edizio hau ere bide horretatik joan da, 213 pertsonek hartu dute parte IKT Astean. Zalantzarik gabe, Lehiberri Foroa sortu zen momentutik, gaur egun finkatuen dagoen ekintza da honakoa. Gainera, eragile mota oso ezberdinekin lan egiteko aukera izaten da: Industria, Merkataritza, Lanbide Heziketa, Turismoa edota Ekintzailetza, besteak beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!