'Ongi etorri Tolosaldeko baliabideen gida' digitala eta interaktiboa, sei hizkuntzatan

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2024ko urr. 14a, 07:57

Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta Ongi Etorri! Tolosaldeko Baliabideen gida eguneratu du, digitalki eta modu interaktiboan.

Baliabideen gidan Tolosaldera bizitzera etorri diren pertsonek eguneroko bizitzan baliagarri izango zaizkien eskualde mailako testuinguru, baliabide, zerbitzu eta eragileen informazioa aurkituko dute. Gida ondorengo atalez osatuta dago: kokapen geografikoa, erroldatzea, erregularizazioa, osasuna, hezkuntza, enplegua eta formazioa, etxebizitza, gizarte arreta, euskara, kultura, aisialdia eta kirola, emakumeen etxea, eragile sozialak eta hiztegia. Bide batez, material hau  eskualde mailan udaletan eta elkarteetan pertsonekin esku-hartzean diharduten profesionalei ere zuzenduta dago.

Baliabideen gida sei hizkuntzatan dago eskuragarri: euskaraz, gaztelaniaz, arabieraz, ingelesez, frantsesez eta portugesez. Tolosaldea Garatzeneko webgunean dago eskuragarri.

HARRERA PROGRAMA: Gazteak ongi etorri!

Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailak bultzatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta. Aurreko hamar ikasturteetan 421 haur eta gaztek parte hartu dute egitasmoan.

2024-2025 honetan hamaikagarrenez Gazteak ongi etorri egitasmoa martxan jarriko da Tolosaldean. Tolosaldera iritsi berri diren haur eta gazteei harrera ona egiteko egitasmoa da. 2024ko urriaren 14, 15 eta 16an martxan jarriko den eskolaz kanpoko gunea da. 2024ko urritik 2025eko ekainera bitartera luzatuko da, hain zuzen ere. Tolosako kultur etxeko Topagunean eta Villabonako Gaztelekuan elkartzen dira astero. Azken bi urteetan Tolosaldeko herri edo ikastetxe batera iritsi diren 6-12 urte bitarteko haur eta gazteek astean behin elkarren artean jolas egiteko eta beste haur eta gazte batzuk ezagutzeko aukera izango dute.

Helburua jardueren bitartez, haur eta gazteek elkarrekin ongi pasatzea litzateke, eta era berean, bere nortasuna errespetatu eta euskal kulturara gerturatzea. Bertan, euskara hizkuntza bizia dela, hitz egitea garrantzizkoa dela, komunikaziorako eta gizarte-harremanetarako tresna oso baliagarria dela azalduko zaie.

Informazioa eta izena eman nahi dutenentzat Tolosaldea Garatzeneko 
webgunean bertan,
migrazioa@tolosaldea.eus helbidera idatzita edota 646 05 70 80 telefonora deituta egin dezakete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!