Hezkuntza jasangarria

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2024ko eka. 16a, 07:57

«Garapen Jasangarria: Gaurko belaunaldiko premiak asebetetzea beti ere, etorkizuneko belaunaldiek beren premiei arreta emateko aukerak oztopatzen ez badira». Ba al dakite gure eskualdeko gazteek jasangarritasuna zer den?

Hondakinak biltzeko lehiaketa, haur liburutegia hartzen duen errota berriz ere martxan jartzeko proiektua, Jaialdi Berdea, kotxeak partekatzeko sistema, itsuak errepideak segurtasunez zeharkatzeko ideia edo Tolosan oinez ibiltzearen truke dirua lortzeko aplikazio informatikoa. Laskoraingo DBH1 eta DHH2ko ikasleek Jasangarritasun Azokan proposatu dituzten ideietako batzuk dira, gure ikastetxeetan jasangarritasun hezkuntzaren garrantziaz ohartarazten duena.

Eta ez da adibide bakarra. Lanbide Heziketako ikastetxeen artean —Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua, Inmakulada Lanbide Ikastola, Peñascal Kooperatiba eta Fraisoro Eskola— jasangarritasuna oinarri duen proiektu bateratua landu dute. Energia izan dute hizpide eta, besteak beste, formazioa, aholkularitza, ikerketa eta sentsibilizazio ekintzak landu dituzte. Ikasleak etxebizitzetan azterketa energetikoak egiten ikasi eta aholku zerrenda bat osatu dute; hauek eskuorri eta kartel batzuetara eraman dira, ikastetxe eta leku publikoetan jartzeko.

 

Eskualdeko 15 ikastetxe eskualdeko udaletan Udal Foroak ospatzen ari dira

 

Bestalde, Eskola Agenda 2030 programaren barruan parte hartzen duten 15 ikastetxe maiatza eta ekainean zehar eskualdeko udaletan Udal Foroak ospatzen ari dira; alkateak herriko ikastetxeetako ikasleen ordezkaritzarekin biltzen dira energia arloan ikasleek hartutako konpromisoen inguruan eta udalerri mailan ikusten dituzten beharren inguruan hitz egiteko, udalen bati belarritik tiratzeko, agian.

Duela 22 urte hasi zen Tolosa Eskola Agenda 2030 proiektuarekin lanean, eta 15 urte dira Tolosaldea Garatzenek eskualde mailako estrategia bateratua kudeatzeari ekin zionetik. Denbora horretan garapen jasangarri baterantz zuzendutako estrategiak, proiektuak eta jarduerak garatzen lagundu da, eta esan daiteke ikastetxeetako curriculumetan txertatzen den lerro estrategikoa badela gaur egun.

Eskola Agenda 2030 programaren bidetik batzuek, bere kabuz hartutako konpromisotik besteak, ikastetxe guztiek erantzukizun irmoa adierazten dute jasangarritasun hezkuntzarekiko; Tolosaldeko etorkizuna ingurumen, ekonomia eta gizarte ikuspegitik jasangarria izan dadin gazteak prestatuz. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!