Enpresetan eraldaketa digitala garatzen

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2024ko apirilaren 12a

Tolosaldea Garatzenek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesaren bitartez eskualdeko enpresetan eraldaketa digitalerako estrategian oinarritutako proiektua eramango du aurrera beste urte batez. 

Proiektu honen helburu nagusia egungo egoera kontuan hartuz enpresek dituzten eta etorkizunean izango dituzten erronka teknologikoei erantzuna ematea da. Transformazio digitala ezinbestekoa suertatzen da enpresa guztientzat, gizarte digitala bilakatzen ari gara, eta horrek eraldaketa derrigorrezkoa izatea ekartzen du.

2018az geroztik Gipuzkoako Foru Aldundia lurraldeko enpresetan Industria 4.0 teknologiak txertatzeko prozesu batean murgildurik egon da garapen agentzien eskutik. Hasierako fasean enpresetan industria 4.0 teknologiek duten garapen maila aztertzea helburu zuten diagnosiak egitea sustatu zen. Tolosaldean guztira 47 diagnosi egin ziren. Ariketa honek arlo honetan eskualdeko enpresen egoera zein zen zehazki ezagutzeko balio izan zigun. Ondorengo faseetan 2019, 2020 eta 2021 urteetan, Tolosaldeko hainbat enpresatan Industria 4.0 proiektu txikiak garatu genituen hornitzaile teknologiko ezberdinen bitartez. Horretarako, teknologia eta potentzialdun arloen identifikazioa, ekintza plana eta hura gauzatzeko ezarpen plan baten diseinua garatu da urte hauetan guztietan zehar.

2021, 2022 eta 2023 urteetan, enpresekin lan egiteko prozesuari jarraipena eman diogu. Horretarako, lanketa honen hurrengo fasea enpresen digitalizazio maila hobetzea izan da. Horrela, enpresen heldutasun digitala neurtu da eta eskualdeko 15 enpresatan proiektu ezberdinak garatu dira digitalizazio maila hori hobetzeko.

2024 urtean egin beharreko lanketa ildo horretatik abiatuko da. Proiektua eskualdeko hogei enpresa ezberdinekin hasi dugu sentsibilizazio lan bat eginez. Azken finean, enpresa guztiak ez daude egoera edo garapen maila berdinean digitalizazio arloari dagokionez eta hauetariko batzuekin lehen fase honetan bakarrik ariko gara. Identifikazio eta zehaztapen faseak sei enpresekin egingo ditugu.

Horrela, enpresa multzo honekin euren heldutasun digitala neurtzeko enpresaren egoeraren diagnosi bat egingo da. Diagnosi hori ezinbestekoa da arlo digitalak enpresei eman diezazkieken aukerak ezagutu eta aprobetxatzeko.

Epe motz, ertain eta luzera enpresa hauek eman beharko lituzketen pauso eta eboluzioa identifikatzea izango da lanketa honen xedea, beste batzuen artean.

Ondoren, bidaia orri bat burutuko zaie digitalizazio arloan eman beharreko pausoak definituz eta zehaztuz. Inplantazioa aurrera eramateko bideak ere aztertuko dira eta enpresari bide hori erraztuko dioten aukerak identifikatuko dira.

Honekin prozesuak optimizatzea, lehiakortasun hobetzea edo bezeroei balio erantsi gehitua eskaintzea lortu nahi da.

Edozein enpresa motarentzat baliagarri eta onuragarri izan daiteke planteatzen dugun prozesu honetan parte hartzea. Azken finean, eraldaketa digitalaren erronkaren aurrean erakunde baten gaitasunak eta emaitzak ezagutzea benetan beharrezkoa da transformazio digitala modu integral batean burutzea ezinbestekoa delako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!