Tolosaldeko harrera protokoloa diseinatzeko prozesua martxan

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2024ko ots. 16a, 17:00

Harrera programaren lehen saioa. TOLOSALDEA GARATZEN

2024ko urtarrilaren 24an Tolosaldeko harrera protokoloa diseinatzeko prozesua aurkeztu zen Lehiberri zentroan. Aurkezpenean harrera protokoloa sortzeko prozesuaren aurretikoak, egitearen zergatia, eta prozesua nola eta noiz izango den azaldu zen.

Prozesu hau Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailak abian jarri du, eta Eusko Jaurlaritzako Biltzen, Gizarteratzea eta Kulturarteko Bitartekaritzaren Euskal Zerbitzuaren laguntzarekin aurrera eramango da.

Protokolo markoak ondorengoetarako balioko du: harrera eta horrekin lotutako beste kontzeptu batzuk zer diren adosteko; horren gaineko erantzukizun publikoa zein den identifikatzeko; atzerritar jatorriko pertsonei eskainiko den harrera eredua zehazteko; eta, atzerritar jatorriko pertsona iritsi berriei eskainiko zaizkien tokian tokiko zerbitzu eta prestazioak ordenatzeko.

Prozesua martxan da dagoeneko, eta iragan urtarrilaren 29an, talde eragileko kideek aniztasun kulturalaren kudeaketaren inguruko lehen lan saioan parte hartzeko aukera izan zuten. Beste lau lansaio gehiago izango dira apirila bitartera. Talde eragilea hogei kidez osatuta dago; tartean, Tolosaldea Garatzeneko Administrazio Kontseiluko udal ordezkariak, udal ezberdinetan lanean diharduten teknikariak eta gizarte eragileetako ordezkariak ere. Horien artean daude UEMA, Galtzaundi, Zutani, Peñascal kooperatiba, Tolosaldeko Asanblada Feminista, Divinas elkartea, Jatorkin, Boolo Senegal, Ereite eta SOS Arrazakeria.

Harrera programa: Gazteak, ongi etorri!

Tolosaldera iritsi berri diren haur eta gazteei harrera ona egiteko egitasmoa da. Hamar urtez jarraitzen duen eskolaz kanpoko gunea da; 2023ko urritik 2024ko ekainera bitartean. Tolosako kultur etxeko Topagunean eta Villabonako Gaztelekuan elkartzen dira astero. Azken bi urteotan Tolosaldeko herri edo ikastetxe batetara iritsi diren 6 eta 12 urte bitarteko haur eta gazteek astean behin elkarren artean jolas egiteko eta beste haur eta gazte batzuk ezagutzeko aukera izango dute.

Helburua, jardueren bitartez, gazteek elkarrekin ongi pasatzea litzateke, eta era berean, bere nortasuna errespetatzea eta euskal kulturara gerturatzea. Bertan, euskara hizkuntza bizia dela, hitz egitea garrantzizkoa dela, komunikaziorako eta gizarte-harremanetarako tresna dela azalduko zaie.

Informazioa eta izena eman nahi duenak Tolosaldea Garatzeneko webgunean sartu, migrazioa@tolosaldea.eus helbidera idatzi, edota 646 05 70 80 telefonora deitu dezake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!