Lau ekitaldi, Giza Eskubideen eta Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Egunen harira

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2023ko abe. 15a, 16:00

'Afrikako emakumeak, inspiratzen duten emakumeak' erakusketa. ATARIA

Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun Sailak, Zizurkilgo, Villabonako eta Tolosako udalekin elkarlanean, lau hitzordu antolatu ditu, pertsona migratzaileen inguruko zurrumurruen aurka kontzientzia pizteko.

Abenduaren 10a Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da, eta hilaren 18a, berriz, Pertsona Migratzaileena. Bi egun horien aitzakian, atzerritik iritsitako herritarren inguruan zabaltzen diren estereotipo eta zurrumurruak ekiditeko lau kultur ekitaldi antolatu ditu Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun Sailak, udalen laguntzarekin eta Ereite multikultural elkartearekin zein Nazioarteko Elkartasun elkartearekin elkarlanean. Ekintza hauek Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzarekin aurrera eramango dira.

Abenduaren 2an, Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean, Behibi's antzerki konpainiaren eskutik Bueltaka antzezlana izan da ikusgai. Migrazioa eta ingurumena uztartzen dituen antzezlana da, 5 urtetik aurreragoko haurrei bideratutakoa. 53 haur eta heldu bertaratu ziren saiora.

Abenduaren 13an, Villabonako Gurea zinean, Behibi's antzerki konpainiaren eskutik Murren bidaia antzezlana izan da ikusgai. Villabonako hezkuntza komunitateari zuzendutako txontxongilo antzezlana da. Egiazko hizkuntza zuzen baten bitartez, antzezlanak migrazio mugimenduen inguruko estereotipo, aurreiritzi eta hazten doazen zurrumurruek sortzen dituzten zailtasunak planteatzen ditu, umorea eta poesia salbuetsi gabe. Jatorri eta kultura desberdinetako pertsonen arteko adiskidetasunaren istorio bat, benetako adiskidetasunaren aldeko apustu bat. Mur neska afrikarrak bere paterara igotzen gaitu, eta gure moralaren urak zeharkatzera gonbidatzen gaitu aurkitzen garen ikuspuntuaren arabera ona edo txarraren kontzepzioa arakatzera. Banaketa batek suposatzen duen gatazkaren eztandatik abiatuta, istorio harrigarri batean itsasoratzen da amaiera. Egun horretan Villabonako ikastetxeetako LH4 eta LH5eko 130 ikaslek izan zuten aukera txotxongilo antzezlana ikusteko.

Tolosan Ereite multikultural elkarteak antolatutako Migrazioaren testigantzak hitzaldia jarraitzeko aukera izan da hilaren 13an, Tolosako kultur etxeko areto nagusian.

Abenduaren 18tik 22ra, Nazioarteko Elkartasuna elkartearen eskutik Afrikako emakumeak, inspiratzen duten emakumeak erakusketa izango da ikusgai Villabonako Gurea zinemako erakusketa aretoan. Aste horretan 18:30etatik 20:30ak bitartean izango ditu ateak zabalik Gurea erakusketa gelak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!