Tolosaldeko enpresen artean lankidetza aukerak sortuz

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2023ko urr. 20a, 15:00

Enpresa lankidetza. TOLOSALDEA GARATZEN

Eskualdeko enpresen arteko elkar ezagutza bultzatzeko eta elkarren artean sortu daitezkeen lankidetza aukerak identifikatzeko asmoz bi saio eraman ditu aurrera Tolosaldea Garatzeneko Enpresa sailak. 

Lanketa hau Izan Lider Tolosaldean lidergo era berritzaileak eskualdeko enpresetan txertatzeko helburua zuen proiektuaren jarraipena izan da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko departamentuaren babesarekin. 


Tolosaldea eskualdeko enpresa-sarearen kohesioa indartu eta etorkizuneko lankidetza aukerak identifikatzeko helburuarekin bi tailer burutu dira.  Ekintza hau OTEIC Aholkularitza-etxearekin lankidetzan egin da.


Eskualdeko enpresen egoera ezagutu eta eskuartean izan ditzaketen arazo edo gai nagusiak mahai gainean jarri dira, agentziak horren erantzuna azter dezan. Sektore desberdineko 17 enpresek parte hartu dute mahai-inguru hauetan. Horien artean mekanizazioa, ingeniaritza, piezen fabrikazioa, industria manufakturatzaileak, garraioa, zerbitzuak eta publizitate zerbitzuak sektoreko enpresak bildu dira, besteak beste. 


Tolosaldeko enpresen arteko nahiz enpresa eta agentziaren arteko lankidetza aukerak identifikatzeko, euren egoera ezagutu eta interesekoak izan daitezkeen gaiak jorratzeko bideratuta egon den proiektua izan da. Bestalde, enpresak euren artean ezagutu edo harremanetan jartzeko aukera izan dezaten ere balio izan dute tailer hauek.  


Lanketa honi esker, eskualdeko enpresa-sarearen kohesioa indartzea lortu da. Sektore bereko nahiz sektore ezberdineko enpresen arteko harremanak sortu edo indartu, elkar ezagutza bultzatu, eta euren arteko lankidetza edo kooperazio aukerak azaleratu dira. 


Aipatzekoa da bertaratu diren enpresetako kideek parte-hartze aktiboa izan dutela egindako bi saioetan eta etorkizunera begira, elkarlanerako eta proiektu komunak garatzeko interesa erakutsi dutela guztiek. 


Garaturiko tailer edo dinamikek posible egin dute gai edo alor ezberdinen inguruko hausnarketa indibidual zein partekatua, honek enpresa bakoitzaren zein eskualdeko sare ekonomikoaren beharrak eta behar horien erantzunak identifikatzeko balio izan duelarik.


Egindako analisi eta hausnarketen ondorioz, azpimarratzekoa da enpresa batzuen artean harremanak indartu egin direla, eta elkarrekin proiektu edo lanketa berriak egiteko interesa erakutsi dutela. Horrek esan nahi du dinamika honen helburua neurri handi batean bete egin dela, eta etorkizunera begira, lankidetzarako aukera berrientzat atea zabalik uzten duela.


Horretaz gain, saio hauetan Enpresa sailetik sortu den plataforma digital berria, Tolosaldea Digitala, aurkeztu zaie enpresei. Eskualdeko 28 udalerrietako 600 enpresa baino gehiagoren informazio guztia eta eguneratutako datu guztiak plataforma batean eskuragarri jarri dira. Ez hori bakarrik, enpresak euren artean harremanetan jartzeko sistema bat txertatu da, eskualdeko enpresen arteko elkar ezagutza sustatzeko eta enpresa sarearen kontaktuak izateko.


Lehengo urtean egindako dinamika berdinetatik (Tolosaldea Bat Eginez) ateratako proiektua izan da Tolosaldea Digitala. Enpresek nabarmendutako behar bat  identifikatu zuten: «Eskualdeko plataforma bat eratzea». Hori dela eta, enpresei plataforma digitalaren erreminta aurkeztu zaie. 

Garapen agentziarentzat benetako garrantzia dauka dinamika hauen bitartez sortu diren proiektuak enpresei ezagutaraztea. Izan ere, honek ematen dio zentzua proiektu osoari. Enpresek ikus dezakete saio hauetatik ateratzen diren behar jakin batzuei agentziak proiektu forma ematen diela.


Hurrengo pausoari begira, azken bi aste hauetan izandako mahai-inguruan enpresek identifikatu dituzten beharrak aztertuko ditu agentziak, eta Enpresa sailak erantzun bat emateko aukera dagoen aztertuko du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!