Helburu honi jarraiki, 2019 amaieran, Tolosaldea Garatzen garapen agentziak eskualdeko Lehen Hezkuntzako eskoletako jantokietan gertatzen den elikagaien xahuketaren diagnostiko bat egiteko ikerketa proiektu bat jarri zuen martxan, Ekonomia Zirkularrerako Estrategiaren markoaren barruko helburuak betetze bidean beste urrats bat emanez.
Ikerketa aurrera eramateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoa izan dugu bidelagun eta, elkarlanean egindako lanaren emaitza gisa, laster argitaratuko den Tolosaldeko Lehen Hezkuntzako eskoletako jantokien egoeraren analisia, xahututako elikagaien estimazioa eta alternatiben azterketa memoria idatzia garatu da.
Ikerketa aitzindari bat izanik, lan honek elikagaien xahuketaren problematikaren inguruko analisi sakona egiten du, eta etorkizunean eskualdeko eskola-jantokietan elikagaien xahuketa murrizteko eta hobeto kudeatzeko eman daitezkeen pausoen oinarriak ezartzen ditu.
Ikerketa proiektu honetan, Tolosaldeko hamabi eskolek parte hartu zuten, eta aztertutako eskola jantokietan, urtean guztira 300.000 otordu baino gehiago ematen dira. Hauetatik gehiengoa tokian bertan prestatzen da (%83) eta, euren prestaketa kanpo enpresa baten esku dago. Egindako kalkuluen arabera, 36 tona inguru elikagai dira urtean aztertutako jantokietan xahutzen direnak (lau tona hilabete bakoitzeko) eta, xahuketa honen erdia baino gehiago platerean gertatzen delarik.
Azpimarratzekoa da aztertutako jantokien %100ean hondakinak gaika biltzen direla, eta denek erakutsi zutela xahututako elikagaien gaiaren inguruko ardura, askok dagoeneko murrizketa neurriak aplikatzen dituztelarik.
Orain arte egindako lana, Tolosaldea Garatzen garapen agentziak eskualdeko eskola-jantokietako elikagaien xahuketaren problematikari aurre egiteko emandako lehen pausoa besterik ez da izan, planteamendu zabalago baten barruan kokatzen dena. Hori horrela, xahutzen diren elikagai hauei «bigarren bizitza» bat nola eman aztertzen ari da (eguneko 182 errazio bataz beste) eta datorren ikasturtean hainbat esperientzia martxan jartzeko urratsak ematen ari dira.