Badira josten ikasi nahi duten langabetuak Tolosaldean, josten aritu eta gehiago ikasi nahi dutelako eta lan mundurako ofizio bezala aukeratu nahi dutelako. Horretarako, Josi eta Josi proiektua sortu dute Tolosaldea Garatzen eta Tolosaldeko elkarte ezberdinen artean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzarekin, enplegu ikuspegitik zaurgarritasun edo bazterkeria egoeran dauden kolektiboen laneratzea baitute erronka nagusiena Tolosaldea Lab mahaian.
Tolosaldea Lab, eskualdeko Enpleagarritasun eta Inklusio Mahaia osatzen duten sei erakunderen elkarlanetik sortu da Josi ta Josi. Zutani elkarteak identifikatu zuen inolako formazio arauturik gabe joskintzan aritzen direnei ziurtagiri profesionala eskaintzeko beharra. Tolosaldea Garatzenek hartu zuen ideiari forma emateko eta koordinatzeko ardura, Enplegu eta Aniztasun Saileko teknikarien eskutik. GFAk finantzatu du proiektua, eta horri esker, besteak beste, ikastaroa eskaini ahal izateko bere instalazioak homologatu ditu Inmakulada Lanbide Heziketa ikastolak, eskualdean ez baitago horrelako zerbait hartzeko inongo azpiegiturarik. Parte hartzaileen bilaketan ere bidelagun dira Fundación Emplea eta Jatorkin Al-Nahda elkartea ere.
Ehungintza sektorean lan egiteko prestutasuna duten pertsonak zeudela-eta laneratzeko langabetuentzako joskintzako gaitasun ziurtagiria egiteko aukera eskaintzen ari dira 2023-2024. ikasturtean Tolosan. 390 ordu ditu ziurtagiriak eta 80 orduko praktikak. Dagoeneko 2023an hasita daude 17 pertsonako talde batekin eta 2023ko urrian beste talde batekin hasteko asmoa dute. Gainera, inguruko dendetan edo enpresetan praktikak egin behar dira titulua lortzeko eta honek enpresekiko harremana ahalbidetzen du. Formazio saioetan, joskintzari buruzko teknikak jorratzeaz gain, Fundación Emplea ikasleekin zeharkako gaitasun pertsonal eta profesionalen garapena lantzen ari dira. Lidergoa, talde lana, komunikazioa eta aktibazioa jorratzen dute. Gainera, parte hartzaileei banakako orientazioa eta laneratzeko laguntza ere eskaintzen zaie.