Badakizu %65 murriztu daitekeela argindarraren zure faktura?

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2022ko abe. 16a, 09:59

Bonu Soziala etxe zaurgarrienetako argindarraren faktura murrizteko deskontua da. Tolosaldeko Energia Bulegoak eskaera egiten laguntzen du.

Kontsumitzaile zaurgarrienek argiaren fakturan gutxiago ordain dezaten Espainiako Gobernuak eskaintzen duen laguntza ekonomikoa da Bonu Soziala. Aurten, prezioen gorakada dela-eta, laguntzak handitu ditu, 2023ko abenduaren 31ra arte.

Eskaera, ordea, ezin du edonork egin. Baldintza batzuk betetzea beharrezkoa da. Artikulu honetan azalduko dizugu jakin beharrekoa.

Zenbat aurreztu daiteke?

Kontsumitzaile zaurgarrien kasuan, %25ekoa izan ohi da deskontua, baina ezohiko neurri gisa, 2023 amaiera arte %65era artekoa da. Zaurgarritasun handiko kontsumitzaileen kasuan, berriz, ohiko %40tik %80ra pasa da laguntza.

Zer behar da laguntza jasotzeko?

Bonu Soziala eskuratzeko, nahitaezkoa da Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa (PVPC) kontratatuta izatea ohiko etxean, 10 kilowatt edo gutxiagoko potentziarekin. Gainera, bezero zaurgarritzat, bezero oso zaurgarritzat edo gizarte-bazterketako arriskuan dagoen kalteberatasun altuko bezerotzat hartzeko baldintzak bete beharko dituzu.

Tolosaldea Garatzenen webguneko Energia atalean topatuko duzu merkatu erregulatuko enpresa komertzialitzatzaileen zerrenda.

Zeintzuk dira bezero zaurgarri izateko baldintzak?

Gizarte Segurantzako pentsiodun izatea, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren onuradun izatea, familia ugaria izatea, edota bizikidetza-unitatean urteko errenta 1,5 x 14 ordainsariren IPREM-en pareko edo baxuagoa izatea. Gutxienez %33ko desgaitasuna duten pertsonak, genero indarkeriaren edo terrorismo biktimak, II edo III graduko menpekotasuna dutenak edo guraso bakarreko familiek, aparteko laguntza gehigarria dute.

Zein dokumentazio behar da eskaera egiteko?

Bonu Sozialaren eskaera inprimakia betetzearekin batera, bizikidetza-unitate osoko kideen NANen kopia bana, errolda-ziurtagiria, familia ugarien ziurtagiria (soilik hala den kasuetan), eta Erregistro Zibileko ziurtagiri indibiduala edo familia liburua behar dira. Laguntza gehigarria jasotzeko, Gizarte Zerbitzuek sinatutako ziurtagiriak behar dira. Gugana bazatoz, prozesua azkartzeko, ekarri ezazu argiaren zure azken fakturaren kopia bat.

 

TOLOSALDEKO ENERGIA BULEGOAN ESKAERAREKIN LAGUNDU ZAITZAKEGU

tolosaldekoenergiabulegoa@gmail.com 

601 51 81 62

Tolosaldeagaratzen.eus

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!